Elkartasunezko irakurketa kolektiboa egingo dute Zizurkilen

Ataria 2025eko urriaren 17a

Plazida Otaño liburutegiak 'Askatasun taupadak' ekimena egingo du gaur, 17:30etik aurrera. Irakurraldia, dantza eta txapa tailerra izango dira, besteak beste.

Gaur, Askatasun doinuak ekimena antolatu dute Plazida Otaño liburutegian, Israel Gazan egiten ari den genozidioari aurre egin eta palestinarren borroka sozializatzeko. 17:30etik aurrera irakurraldi kolektibo eta musikatua egingo dute eta 18:30ean guraso elkarteak antolatutako txapa tailerra izango da.

«Gazan egoera gogortzen ari zen fase batean sartzen ari zirela ikusita, gure alea jarri nahi izan dugu eta zerbait komunitarioa planteatu, herriko jendeak ere atxikimendua adierazi ahal izan dezan», esan du Ainhoa Sukia liburuzainak. Interesa duen edonorentzat egongo da zabalik ostiraleko hitzordua.

Erakusketa erakusleihoan

Gaurko ekimenaren aurretik erakusketa bat jarri dute liburutegiko erakusleihoan. Bi artista palestinarren irudiak jarri dituzte bertan. Horietako bat Nayi Al-Ali da: «Galilean 1936an jaioa, 1948an bere herritik alde egitera behartu zuten, Libanoko errefuxiatu kanpamentuetara. Palestinako marrazkilaririk handienetako bat bezala dute eta mundu arabiarreko artistarik garrantzitsuenetakoa da». 

Erakusketarekin batera, interes gune bat ere jarri dute liburutegian, Palestinaren inguruan idatzitako testu batzuk aukeratu dituzte eta baita autore palestinarrek idatzitako liburuak ere.

Askatasun doinuak ekimena abiatzeko herriko dantzariek dantza bat egingo dute liburutegian, gaur, 17:30ean. Ondoren hasiko da irakurraldi kolektiboa. «Autore palestinarren testuak aukeratu ditugu eta baita Palestinaren egoeraren inguruan hitz egiten dutenak ere. Liburuzainok egin dugu aukeraketa baina inork beste testuren bat irakurri nahiko balu, proposamena egin besterik ez du. Guztion artean aberasgarriagoa aterako da ekimena», azpimarratu du Sukiak. Plazida Otaño liburutegiaren bueltan ibiltzen diren herritarrei egin zieten irakurraldian parte hartzeko proposamena, irakuketa taldeetakoei, besteak beste. «20 pertsona inguru izango gara, askotariko jendea eta denek gogoz hartu dute guk egin diegun proposamena». Testu eta testu artean bailarako musikari batek zuzenean joko du, «ekitaldia janzteko».

Eguna amaitzeko, guraso elkarteak antolatuta txapa tailerra egingo dute herriko txikienentzat. Palestinaren inguruko ikurrak marraztu eta txapetan eramango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!