Postuz bete da Zizurkilgo Herrigunea

Leyre Carrasco 2025eko urriaren 12a

Nekazarien eta artisauen postu ugari izan dira Zizurkilgo Herrigunean zehar, eta gaztetxoek pottoken gainean ibiltzeko aukera izan dute San Millango zelaian.

Hogeita zazpigarren aldiz ospatu dute Azoka Berezia Zizurkilgo Herrigunean. Bertara igotzeko Elbarrenatik doako autobus zerbitzu berezia eskaini du Zizurkilgo Udalak, eta herritar ugari izan dira hori erabili dutenak. Baina eguraldi ona dela eta, beste asko Herrigunera oinez igotzen animatu dira.

Ohi bezala, nekazarien eta artisauen postuak Zimiterioan, Pedro Mari Otaño plazan, Teodoro Hernandorena kalean eta Intxaur pilotalekuan izan dira. Guztira, hain justu, 40 postu inguru elkartu dira Herrigunean. Diziplina askotako artisauak bildu dira batetik, hala nola, bitxigintzan, egurgintzan, larrugintzan, zeramikan, ehungintzan, ilustrazioan eta kosmetikan dihardutenak. Baina horiez gain, nekazarien ekoizpenak dastatu eta erosteko aukera ere izan da; besteak beste, gaztak, arrautzak, barazkiak, kontserbak eta bestelako jaki goxoak.

Jendetza azokaren bueltan bildu arren, San Millango zelaian ere izan da zertaz gozatu. Gipuzkoako Pottokazaleen elkartearen eskutik, pottoka gainean ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek. Bertara gerturatu direnak, gainera, pottoka arraza bereziaren ezaugarriak eta gure ondare natural eta kulturalaren balioa ezagutzeko aukera ere izan dute. Eta pilotalekua eta Iriarte jatetxearen artean dagoen zelaian, haurrentzako jolasak ere izan dira.

Eguerdian, gainera, 2026ko Gipuzkoako Eskola Txikien festaren logo berria aurkeztu dute, Pedro Mari Otaño plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!