Mendigain eskolaren aurrean elkartu dira haur eta guraso ugari, eta kalejiran Pedro Mari Otaño plazara arte joan dira. Bertan egin dute 2026ko Gipuzkoako Eskola Txikien festaren logo berriaren aurkezpena. Izan ere, datorren urteko ekainaren 14an egingo dute festa Zizurkilen. Hala jakinarazi dute Alaitz Ormazabal eta Aratz Alkorta Mendigain eskolako guraso elkarteko kideek.
Horretarako irudirik egokiena mirua hegaztia dela erabaki du Mendigaingo ikas-komunitateak. Eta hori erakutsi dute eguerdian, elizatik zintzilik zegoen oihala askatu ostean. «Gurean babesa hartzen duen hegazti espeziea, talde zentzua duena eta mundura zabalik dagoena. Festaren bidez lau haizetara aldarrikatu nahi dugu Eskola Txikien eredua eta ez dugu galzorian den espeziea izan nahi, sinistuta gaudelako Eskola Txikiak sendo badaude, gizarte hobea izango dugula. Guk ere harro egin nahi dugu hegan, miruek bezala», esan dute. Eta gaineratu «miru gorriaren Europako babeslekuetako bat da Zizurkil ingurua. Arriskuan den espezieak gune egokia aurkitu du Aiztondo bailaran azken urteetan. Eta urte guztian zehar joan etorrian ibili arren, etenik gabe izan ohi ditugu Zizurkilen miru taldeak. Neguan elkarrekin taldetxotan elkartzen dira miruak; kumeak eduki dituztenak eta oraindik gazteak direnak batera, adin aniztasunean elkarrekin urtaro gordinenari aurre egiteko». Eta miruaren hegan egiteko modu berezia ere gogoan izan dute. «Zeruan planeatzen ikusten dugunean erraz identifika dezakegun hegaztia da, harrotasun puntu batekin egiten baitu hegan, soslai gorrizta utziz».
Guraso elkarteko ordezkariek esan dute mende bat baino gehiago duela Mendigain ikastetxean: «Sorreratik adin ezberdinak nahastu izan diren eskola da, eta azken hamarkadetan euskararen babesleku bihurtu dena, euskaraz bizi den herri bat indartuz». Eskolak herriarentzat duen garrantzia ere azpimarratu dute: «Adin aniztasuna, euskara, eta herrian txertatuta egotea. Eskolako haurrek bizitza ematen diote herriari: Jolasean ibiltzen dira, elkarrekin barre egin eta haserretzen dira, azken finean, bizitzaz eta bizitzen ikasten dute ingurune honetan. Herriak leku bat ematen die munduan, eta eurek, bizitasuna herriari». Mundua aipatuta, Palestinako haurrak ere gogoan izan dituzte guraso elkartetik.
Ekitaldiari amaiera emateko, eskolarako duela urte batzuk sortu zen kantua kantatu dute ikasleek. Honela hasi da atzera kontaketa, 28 urte geroago, Zizurkilek ekainaren 14an Gipuzkoako Eskola Txikien festa har dezan.