Lorezaintza talde berria hasi da lanean Zizurkilen

Ataria 2025eko urriaren 8a

Gureak taldearen esku geratuko da lorezaintza zerbitzua. Enkargatu batek eta bi ofizialek gidatuko dute taldea eta gainerako lorezainek urteetako esperientzia dute. Kontratazioarekin «inklusioa eta aukera berdintasuna» lehenetsi nahi izan ditu udalak.

Zizurkilgo Udalak enplegua eta aukera berdintasuna bultzatzeko, lorezaintza zerbitzua kontratatzerako unean lehentasuna eman nahi izan die gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziei eta laneratzeko enpresei. Modu horretara, hemendik aurrera, herriko berdeguneak zaintzeko ardura Gureak taldeak izango du. Dagoeneko, hasi dira Zizurkilen lanean, urria hastearekin batera.

Talde berriari ongietorria eman diote Maite Amenabar alkateak, Ainhoa Azpeitia nekazaritza teknikariak eta Urko Sorozabal brigada buruak. Udalaren konfiantza eta babes osoa adierazi zien alkateak: «Zoragarria da halako talde handi bat gure herrian lanean ikustea. Konfiantza osoa dugu zuen profesionaltasunean, eta ziur gaude herritarrek ere ikusiko dutela zuen lana». Taldea enkargatu batek eta bi ofizialek gidatuko dute; gainerako langileek lorezaintzan urteetako esperientzia dute.

Lehen lanak herrigunean hasi dituzte, igandeko Azoka Berezirako eremua prest uzteko. Ondoren, kanposantura bidean jarraituko dute, herritarrek ingurua zainduta eta txukun aurki dezaten Santu Guztien egunean. «Zizurkilek, beraz, herria zaindu eta edertzeaz gain, inklusioa eta aukera berdintasuna lehenesten dituen lorezaintza zerbitzua izango du aurrerantzean», esan dute udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!