Zalduako biribilguneko edukiontziak erre dituzte bart

Ataria 2025eko urriaren 8a

Hirugarren aldia da uztaila hasieratik edukiontziak erretzen dituztela Zizurkilen. «Ekintza arduragabe eta arriskutsutzat» jo du udalak eta esan du ez duela herritarren segurtasuna arriskuan jartzerik onartuko.

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez edukiontziak erre dituzte bart Zalduako biribilgunean. Sua handia izan da eta udalak esan du  inguruneko bizilagunen, etxebizitzen eta bertatik pasatzen zen trafikoaren segurtasuna jarri duela arriskuan.

«Haserre eta kezka handia» adierazi ditu udalak: «Horrelako jokabide arduragabe eta onartezinek ez dute tokirik gure herrian», salatu du Maite Amenabar alkateak.  Uztaila hasieratik hirugarren aldia da Zizurkilen kale-edukiontziak erretzen dituztela «Ezin dugu onartu jarrera bortitz eta suntsitzaile hau, herriaren garbitasunari, ekonomia publikoari eta bizilagunen lasaitasunari zuzenean erasotzen baitio. Ekintza arduragabe eta arriskutsua da, eta ez dugu inolaz ere onartuko. Herritarren segurtasuna gure lehentasuna da, eta guztion ardura da gure herria errespetuz eta arduraz zaintzea», gehitu du alkateak. 

Edozein mugimendu susmagarri ikusiz gero, Udaltzaingoari edo Ertzaintzari berehala jakinarazteko eskatu du udalak. «Zizurkil guztiona da, eta guztion artean zaindu behar dugu», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!