Lehen sektorea eta bertako produktua jarriko dituzte erdigunean Azoka Berezian

Ataria 2025eko urriaren 6a

Igandean egingo dute Zizurkilen artisautza eta nekazaritza azoka. 40 postu inguru jarriko dituzte. Eguerdian Eskola Txikien Festaren logo berria aurkeztuko dute.

Igandean, urriaren 12an egingo dute Zizurkilgo XXVII. Azoka Berezia. Bertako artisau eta nekazarien lanari balioa emateko eta tokiko produktuen kalitatea eta gertutasuna azpimarratzeko antolatzen dute urtero azoka.

«Urtez urte artisau eta nekazarien lanari aitortza egiten diogu baina, batez ere, gure sustraiei eusten diegu. Lurrari, bertako produktuari, eskuz eginikoari balioa ematea ez da iragana zaintzea bakarrik; etorkizuna eraikitzea ere bada. Zizurkilgo Azoka Berezia horren erakusgarri da», azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.

Igandean, 10:30etik 14:30era Zizurkil eta Euskal Herriko hainbat txokotako 40 postu inguru izango dira Herrigunean. Diziplina askotako artisauak bilduko dira, hala nola bitxigintzan, egurgintzan, larrugintzan, zeramikan, ehungintzan, ilustrazioan eta kosmetikan dihardutenak.

Horiez gain, nekazarien ekoizpenak dastatu eta erosteko aukera izango da: gaztak, arrautzak, barazkiak, kontserbak eta bestelako jaki goxoak. Tokiko ekoizpena sustatzeak bertako ekonomiari eta ingurumenari egiten dion mesedean egin du azpimarra Ainhoa Larrea udal teknikariak: «Azokan erostea, bertako produktua erostea, ez dadila ohitura zahar bat izan. Aukera ona izango da igandekoa bertako ekoizleen produktuak ezagutzeko eta haien lanari balioa emateko».

Gipuzkoako Pottokazaleen elkartearen eskutik, gainera, San Millango zelaian pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek. Pottoka arraza bereziaren ezaugarriak eta gure ondare natural eta kulturalaren balioa ezagutuko dituzte bertaratzen direnek.

Eskola txikien festa

Azokako giroan aurkeztuko da 2026ko Gipuzkoako Eskola Txikien festaren logo berria. 12:00etan izango da ekitaldia, Pedro Mari Otaño plazan. Ekainaren 14an egingo dute festa Zizurkilen eta Mendigain eskolako haur, guraso eta irakasleak buru belarri ari dira prestaketa lanetan. «Aurkezpen ekitaldiak Eskola txikiak bizirik leloa izango du ardatz, hezkuntza komunitatearen ilusioa, indarra eta herrigintzarekiko konpromisoa nabarmenduz».

Zizurkilgo Udalak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du igandean Zizurkilgo Herrigunera igotzeko. Elbarrenatik doako autobus zerbitzu berezia eskainiko da 10:15etik 15:00etara, etengabeko joan-etorriekin. Autobusak Bulandegiko (Zalduako) biribilgunean eta Zubiaurretxoko bidegurutzean egingo ditu geldialdiak, Herrigunera igo aurretik.

ZIZURKILGO XXVII. AZOKA BEREZIA

  • 10:30 -14:30. Baserriko produktuen eta artisauen postuak Herrigunean zehar.
  • 11:00 – 13:00. Umeentzako jolasak.
  • 12:00. Eskola txikien jaialdiko logoaren aurkezpena, Pedro Mari Otaño plazan.
  • 12:15 – 14:00. Haurrentzat pottoketan ibiltzeko aukera, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen laguntzarekin, San Millango zelaian.
  • 12:15 – 14:00. Joskintza eta hennazko tatuaje tailerrak.
  • 12:30. Plazan dantza gidatua.
  • 14:30. Herri bazkaria Plazaetxeberrin.
  • Bazkalostean. Euskal kantu saioa Olaia Toralekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!