Eskola Kirola abiatu da Zizurkilen, multikirol eredua ardatz hartuta

Ataria 2025eko urriaren 1a

Eskola Kirola gaztetxoen hazkunde osasuntsua bultzatzeko tresna dela uste dute Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil Kirolean elkarteak.

Urriaren 1ean abiatuko da 2025-2026 ikasturteko Eskola Kirola. Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil Kirolean elkarteak gogorarazi dute programa hau «funtsezkoa» dela haurren garapen integral osasuntsurako. «Bi erakundeok konpromiso sendoa dugu haur guztiek Eskola Kirolean parte hartzeko aukera izan dezaten eta kirol ezberdinak proba ditzaten, kirol bakar batean espezializatu gabe», adierazi du Maite Amenabar alkateak.

Eskola Kirolaren oinarria multikirol eredua da: jarduera fisikoa sustatzeaz gain, gaitasun sozialak, emozionalak eta kognitiboak modu orekatuan lantzea du helburu. «Kirola mugimendua eta osasuna da, baina baita balioak, harremanak eta identitatea ere: talde-lana, konpromisoa, errespetua, solidaritatea eta euskararen erabilera uztartzen dituen bidea. Gure seme-alaben hazkunde osasuntsu eta zoriontsua bultzatzeko tresna da», gaineratu du Amenabarrek.

Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil Kirolean elkarteak Eskola Kirola «etorkizunerako inbertsio gisa» ikusten dute, gaur egungo haur eta gazteen garapen pertsonal, sozial eta kulturalari bidea emango diona. Hori dela eta, aurrekontuak, baliabideak eta ahaleginak eskaintzen jarraituko dute, Eskola Kirolaren eskaintza kalitatezkoa, inklusiboa eta eskuragarria izan dadin Zizurkilgo haur eta gazte guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!