Tigre eltxoa kontrolatzeko tranpak jarri dituzte

Ataria 2025eko irailaren 29a

Eusko Jaurlaritzak Tigre eltxoaren presentzia kontrolatzeko eta jarraipena egiteko programaren barruan hamar tranpa jarri dituzte Zizurkilen.

Eusko Jaurlaritzak Tigre eltxoaren presentzia kontrolatzeko eta jarraipena egiteko duen programaren barruan, Zizurkilgo Udalak herrian Tigre eltxoaren presentzia antzeman dela adierazi du eta, horren ondorioz, jarraipen berezia egiten ari da bertan.

Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraituz, laginketa-sistema berezia jarri dute martxan. Sistema hau, herriko puntu desberdinetan kokatu diren obitranpak izeneko pote berezien bidez gauzatuko da. Tranpa hauek ez dira kaltegarriak ez pertsonentzat ezta animalientzat ere; tigre eltxoaren arrautzak harrapatzeko erabiltzen den tresna dira.

Guztira hamar obitranpa jarri dira Zizurkilen; bost Herrigunean eta beste bost Elbarrenan, bost horiek Zalduako biribilgune inguruan. Udalak gogorarazi nahi du beharrezkoa dela jarrita dauden obitranpak ez kentzea, ikerketa eta kontrol lanak baldintzatu ez daitezen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!