Tokiko Energia Komunitateak izen emateko epea zabaldu du berriro

Ataria 2025eko irailaren 16a

Bost kilometrotara zabaldu dute parte hartze erradioa.

TEK Zizurkil tokiko energia komunitateak izen emate epea berriro zabaldu du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, doakoa izango da parte hartzea 2030era arte.

TEK Zizurkil energia berriztagarria sortu eta komunitateko kideen artean banatzeko helburua duen ekimena da. Eguzki-energiaren bitartez sortzen da energia, eta sortutako energia tokian bertan kontsumitzen da, herritarren artean partekatuz. Herriko lau puntutan instalatu dira eguzki-panelak: Zubimusu ikastolan, Otaño herri eskolan, Mendigain ikastetxean eta Iriarte kultur etxean. Guztira, 84 kilowatteko ekoizpen-gaitasuna du komunitateak, eta une honetan 73 bazkide daude.

Komunitateak sortzen duen energia egunez erabiltzen da soilik, eguzki orduetan. Energia ez da pilatzen, eta, horregatik, kontsumoa ahal den neurrian eguneko ordutegietara egokitzea gomendatzen dute. Bestalde eta berritasun moduan, parte hartu nahi duten etxebizitzek komunitatetik 5 kilometroko erradioaren barruan egon beharko dute –lehen 2 kilometro ziren–.

Komunitatearen parte izan nahi dutenek TEK Zizurkil komunitatearen webgunearen bidez edo udal bulegoetan eman dezakete izena. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!