Abiatu dituzte Bulandegiko irisgarritasun planeko bigarren faseko lanak

Ataria 2025eko irailaren 17a

Urte amaierarako lanak bukatuta egotea espero dute udal arduradunek. Kaixo parean espaloi berria egin eta Pasus Berri etxearen aurrealdea egokituko dute espaloia zabaltzeko.

Bulandegi bideko irisgarritasun planaren barruko lanekin jarraitzen du Zizurkilgo Udalak. Lehen fasean oinezkoentzat hainbat hobekuntza egin ziren biribilgune inguruan eta, orain, bi lan egingo dituzte: alde batetik, Kaixo parean espaloi berria egingo dute; eta bestetik, Pasus Berri etxearen aurrealdea egokituko dute espaloia zabaltzeko.

Kaixo tabernaren aurrean hasi dituzte obrak eta horregatik oinezkoentzat pasabidea itxita egongo da aste hauetan. Urte amaierarako lanak amaituta egotea aurreikusi dute. «Badakigu obra batek beti dakartzala hainbat eragozpen. Hori dela eta, aldez aurretik eskertu nahi dugu herritarren pazientzia eta ulermena. Udaletik ahal dugun guztia egingo dugu lanak ahalik eta arinen eta traba gutxienekin gauzatzeko. Emaitzak mereziko du», esan du Maite Amenabar alkateak.

Proiektuak 303.810 euroko aurrekontua du eta Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da lanak egiteaz. Udalak nabarmendu duenez irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea da euren lehentasun nagusietakoa eta proiektu honekin herritarrei kale seguruagoak eta erosoagoak eskaini nahi dizkiete herritarrei, «eguneroko ongizatea hobetuz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!