Patxi Bisquerten Ombuaren itzala filma Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioan izango da, Zinemira atalean. Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari zizurkildarrari buruzkoa da pelikula eta auzolan baten bidez ekoitzi zuten. Udalek, kultur elkarteek, ikastolek, institutuek, eskola publikoek eta Nafarroako eta Euskal Herriko tokiko komunikabide askok hartu zuten parte ekoizpenean.
Donostiako Zinemaldian Zinemira sailean eskainiko dute Ombuaren itzala irailaren 25ean Principe aretoan 19:00etan, eta irailaren 26an, Antiguo Berri aretoan 20:15ean.
Jatorriz zizurkildarra den Patxi Bisquertek zuzendu du ekoizpena, baina harekin batera, aktore bezala hartu dute, besteak beste, Hodei Arrastoa herritarrak, Anjel Mari Peñagarikano anoetarrak eta Oihana Igauran amasarrak. Joseba Usabiaga aktore tolosarrak jokatzen du, hain zuzen, Otañoren papera pelikulan.
Joan den urteko azaroaren 30ean Zizurkilen estreinatu zuten filma eta ordutik Euskal Herriko hainbat herritan eskaini dute. Azaroan, Argentinara joan eta han Ombuaren itzala eskaintzeko asmoa dute, hain zuzen, pelikulako hainbat eszena han filmatu baitzituzten.
Otañori buruzko filmarekin batera, Zinemiran proiektatuko dituzte aurrez estreinatutako beste lan batzuk ere: Faisaien irla (Asier Urbieta); Itoiz, udako sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka); Jone, batzuetan (Sara Fantova) —irailaren 12an estreinatuko dute Hego Euskal Herriko aretoetan—. Gainera, Asier Altunarentzat eta Telmo Esnalentzat izango da aurtengo Zinemira saria eta lau film klasikoren zaharberritzeak ere proiektatuko dituzte.