Eltxo tigrea atzeman dute Zizurkilen

Ataria 2025eko abuztuaren 29a

Egoera aztertzen ari dira behar diren neurriak hartzeko. Bien bitartean, udalak eskatu du hedapena saihesteko Osasun Sailak emandako gomendioak jarraitzeko.

Azken egunotan eltxo tigrea (Aedes albopictus) atzeman dute Zizurkilen. Udala egoera aztertzen ari da dagoeneko, behar diren neurriak hartzeko. Eltxo tigrea Asiako hego-ekialdeko eltxo espezie inbaditzailea da, baina globalizazioaren ondorioz mundu osora zabaldu da. Osasun publikoko arazo gisa hartzen dute gaixotasunak transmititzeko gai baita.

Euskadin 2013az geroztik da martxan Eltxo Tigrea Detektatzeko Zaintza Programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zuzenduta, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin eta udalekin elkarlanean. Aurten, zaintza-planak 46 udalerritako 68 laginketa-eremu hartzen ditu: Arabako 9, Bizkaiko 20 eta Gipuzkoako 17. Ekainaren lehen astean hasi eta azaroaren lehen astera arte luzatuko da, eltxo tigrearen jarduera handieneko garaia barne hartzeko.

Eltxo tigrearen hedapena saihesteko ondorengo gomendioak eman ditu Osasun Sailak:

  • Hustu, astean behin, ura metatzen duten kanpoko ontziak: loreontzien platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
  • Berritu, 2 edo 3 egunean behin, maskoten edontzietako ura.
  • Bota ura hustubideetan, gutxienez astean behin, geldialdia saihesteko.
  • Urbanizazioetan, familia bakarreko etxeetan etab. saihestu ur-pilaketak drainatze-uretan (kainu-zuloak eta estoldak) eta teilatu-hodietan.
  • Etxean eltxoa sartzea oztopatzeko, erabili eltxo-sareak leihoetan, ateetan eta beste irekidura batzuetan. Eltxo tigreek jaio diren tokitik metro batzuetara baino ez dute hegan egiten. Etxean ziztada jasoz gero, litekeena da haztegi bat hurbil izatea.

Eltxo tigrea txikia eta beltza da, eta buruan eta toraxean marra zuri nabarmena dauka. Batez ere egunez ibiltzen da, eta helduen ziztadak mingarriak izan daitezke. Ziztada jasoz gero, eremua urarekin eta xaboiarekin ondo garbitzeko eskatzen dute, ez hazkatzeko, eta hantura murriztu eta azkura arintzeko hotza aplikatzeko.

Informazio gehiago nahi duenak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko esteka hau zabaldu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!