Zabalik Atxulondo taberna kudeatzeko lizitazioa

Ataria 2025eko abuztuaren 8a

Dagoeneko zabalik dago proposamenak bidaltzeko epea, eta irailaren 1a izango da aurkezteko azken eguna.

Zizurkilgo Udalak Atxulondo kultur etxeko taberna ustiatzeko lizitazio-deialdia egin du. Deialdi horretan taberna bi urtez kudeatzea eskaintzen dute, eta beste bi urtez luzatzeko aukera ere luzatu. Prozesua irekia da eta dagoeneko zabalik dago proposamenak bidaltzeko epea. Aurkezteko aukera irailaren 1ean amaituko da, 13:00etan.

Udalaren esanetan «aukera hau ezin hobea» da ostalaritza proiektu «sendo bat» abian jarri nahi dutenentzat. Atxulondo taberna herriguneko plazan dago: «Zizurkilgo bizitza sozialaren erdigunean; kokapen estrategikoa du, jubilatuen elkartearen ondoan, futbol zelaitik minutu batera eta kultur etxearen behe solairuan bertan. Adin ezberdinetako zizurkildarren topagune naturala da».

Deialdira Internet bidez aurkeztu daiteke, eta Zizurkilgo Udalaren web orrialdean daude xehetasunak eskuragarri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!