Marie Brizard enpresak bere 270. urteurrena ospatu du egunotan, eta mugarri horren harira ekitaldi berezia egin dute Zizurkilgo lantegian. Bertan elkartu ziren enpresako langileak eta ordezkariak, baita Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea ere.
«Marie Brizardek berak sortu zuen enpresa 1755ean, Bordelen, 41 urte zituela. Garai hartan emakume batek negozio bat abiatzea ez zen batere ohikoa, eta, horregatik, bere ausardia eta ekimena azpimarratzeko modukoak dira. Orain 270 urte, emakume izanik eta garai hartako zailtasunak kontuan hartuta, benetan mirestekoa da egin zuen bidea», adierazi du Amenabarrek.
270 urte hauetako historian Zizurkilgo lantegiak ere badu garrantzia. Duela 57 urte, 1967an, finkatu zen herrian iberiar penintsularako ekoizpen zentro nagusia. Zizurkilgo lantegian ekoizten dira, besteak beste, Anisette Marie Brizard klasikoa, Olatz patxarana eta El Maese anisa. «Lantegiak urte luzez kalitatearen aldeko apustua egin du, eta horrek eraman du nazioartean ere saritua izatera».
«Marie Brizardek herriko hainbat ekimen babestu izan ditu urteotan. Besteak beste, Ziotza pilota eskolako babesle da, festa batzordeari ere urtero egin izan ohi dio ekarpena… herri honetan sustraitu nahi izan du, eta hori nabari da», azpimarratu du Amenabarrek.