Itxaso Erasun Plazandreak txapelketako txapeldun

Endika Apalategi Labayen 2025eko uztailaren 22a

Itxaso Erasunek, Plazandreak txapelketako txapela eta garaikurra jaso dituen unea.

Behar Zanako pilotari zizurkildarrak 18-9 irabazi dio Amaia Aldairi Plazandreak txapelketako lau eta erdiko finalean.

Bart gauean, Bilboko Esperantza pilotalekuan, Plazandreak txapelketako binakako eta lau eta erdiko finalak jokatu dira. Behar Zana elkarteko Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak, lau eta erdiko finala jokatu du, modalitate honetan hiru aldiz txapeldun izan den Amaia Aldai dimoztarraren aurka; eta Erasunek, txapela bereganatzea lortu du 18-9 irabazita.

Hasieratik hartu du zizurkildarrak partidaren aginte makila, 1-5 eta 4-12 aurreratu da eta bikain jakin izan du alde hori kudeatzen. Erasunek partida gehien komeni zitzaion lekura eramaten jakin du, Aldairi airez sartzeko aukera gutxi emanaz, eta gainera, lau pilota besterik ez ditu galdu partida osoan zehar. Atzelaria izanagatik, lau eta erdiko jokoa bikain menderatzen duela erakutsi du beste behin Erasunek, partida asko gogortuz eta dejadaz tantoa erraz amaituz. Azkenean, 307 pilotakada jo dituzte eta atzelari zizurkildarrak, bere lehenengo txapela eskuratu du Plazandreak txapelketako lau eta erdikoan.

Binakako finalari dagokionez, Ibarrolak eta Gamindek osatutako bikoa izan da txapelduna. Markagailuan 13-0 aurreratuta, finala erabakita utzi dute eta amaieran, 22-6 nagusitu dira Zabaletaren eta Mendizabalen aurka.   

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!