Sarraila elektronikoa jarriko dute auzo-konpostaje guneetan

Ataria 2025eko uztailaren 16a

Sistema honen bitartez erabiltzaile bakoitzaren erabilera erregistratuta geratuko da. Aurrera begira, ekarpen guneetan ere sarrailak jartzeko asmoa duela jakinarazi du Zizurkilgo Udalak.

Zizurkilgo Udalak herriko bi auzo-konpostaje guneetan sarraila elektronikoak instalatu ditu. Momentuz zabalik mantenduko dira eta behin guneetako erabiltzaile guztiek txartela jasotakoan konpostagailuak itxi eta aktibatuko dituzte sarraila elektronikoak.

Era horretan, txartela duten erabiltzaileek soilik ireki ahal izango dituzte auzo-konpostaje guneak eta erabiltzaile bakoitzaren erabilera erregistratuta geratuko da udalaren datu-basean. «Konpostaje sistemak erabiltzen dituzten familiei murrizketak aplikatzen zaizkie hondakinen tasetan. Sarrailak jartzeak helburu bikoitza du: batetik, sistemaren erabilera egokia bermatzea eta, bestetik, murrizketa horiek modu egokian aplikatzea», azaldu du Maite Amenabar alkateak.

Zizurkilgo Udalak jakinarazi du, ekarpen guneetan ere sarrailak jartzea aurreikusten duela, «gunearen erabilera egokia areagotzeko eta sistemaren jarraipen zehatza egiteko».

Aurtengo hondakinen tasen berri eman du udalak: tasa orokorra 45 euro; etxeko konposta egiten dutenek 22,5 euro; auzo-konpostajean parte hartzen dutenek 33,5 euro; hondakin-frakzioak bereizten ez dituenak 90 euro; etxebizitza hutsek 25 euro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!