Beste urte batez, Zizurkilgo Udalak eta Pilotaren Txokoak elkarlanean antolatu dute Intxaur Pilota Txapelketa; aurtengoa, bosgarren edizioa izango da. Lau eta erdiko modalitatean jokatuko da, uztailaren 18an hasita, eta hiru mailatan: promesak, eliteak eta emakumezkoak. Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko, Nafarroako eta Errioxako goi-mailako pilotariek parte hartuko dute, tartean, herriko hiru pilotarik: Ander Perurenak, Julen Alberdik eta Itxaso Erasunek. «Pozgarria da gure herrian urtero horrelako txapelketa bat egitea, eta are bereziagoa herriko hiru pilotariek parte hartzea. Herri bizia eta kirolzalea gara, eta horrelako ekitaldiek hori indartzen dute», azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.
Uztailaren 18an, 19an, 24an eta 26an jokatuko dituzte final-laurdenetako partidak, Intxaur pilotalekuan. Lau egunetan, maila bakoitzeko partida bana jokatuko dute. Jaialdiak 18:30ean hasiko dira. Finalerdiak abuztuaren 2an eta 9n jokatuko dituzte. Emakumezkoetan, lau pilotarik parte hartuko dute, eta abuztuaren 2an eta 9an izango dira finalerdiak. Zabaleta Salsamendiren aurka ariko da lehen finalaurrekoan, eta astebete beranduago jokatuko dute finalerako bigarren txartela Erasunek eta Arraizak. Hiru mailatako finalak abuztuaren 14an jokatuko dira, Andra Mari jaietan, 22:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da jaialdi guztietan.
Final-laurdenetako egutegia:
Promesa maila
-
Uztailak 18, ostirala, 18:30. Cestau vs. Murua
-
Uztailak 19, larunbata, 18:30. Perurena vs. Olasagasti
-
Uztailak 24, osteguna, 18:30. Ibarluzea vs. Ramirez
-
Uztailak 26, larunbata, 18:30. Sarasibar vs. Egurrola
Elite maila
-
Uztailak 18, ostirala, 18:30. Astiz vs. Etxaniz
-
Uztailak 19, larunbata, 18:30. Aizpuru vs. Urbieta
-
Uztailak 24, osteguna, 18:30. Alberdi vs. Mediavilla
-
Uztailak 26, larunbata, 18:30. Rekalde vs. Fernandez