Zizurkilgo jaiak 2025

Zizurkilen denak ongi etorriak izango dira

Endika Apalategi Labayen 2025eko abuztuaren 5a

Abuztuaren 13tik 16ra, amabirjin jaietan murgilduko dira zizurkildarrak. Aurtengo suziria, Luix Urkolak, Txapel Eguneko txapeldunak piztuko du.

Urteroko ohiturei muzin egin gabe, oilasko biltzearekin batera emango diete hasiera aurtengo Ama Birjin jaiei. 06:30ean abiatuko dira baserriz baserri oilasko bila, eta ezinbestekoa izango da baserritarrez jantzita joatea. Ondoren, oilasko biltzaileek, dantzaldia eskainiko dute herritarren aurrean. Arratsaldean, Txapel Eguneko txapelduna izan zen Luix Urkola izango da suziria piztuko duena, eta horrez gain, pasaka modalitateko pilota partida erakustaldia jokatuko dute zimiterioan.

Bigarren egunari dagokionez, umeen eguna ospatuko dute. Goizean zehar, krosa, buruhandiak eta jolasak egingo dira umeek aspertzeko betarik izan ez dezaten. Goizean xahututako indarrak berreskuratu ahal izateko, bazkaria egingo dute eta ondoren, puzgarrietan jolasten igaroko dute arratsaldea. Bigarren eguna amaitzeko, Lau eta Erdiko Intxaur Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira.

Hirugarren eguna, Ama Birjin eguna izango da eta denei begirako ekitaldiekin dator. Erretirodunek, Iriarten prestatutako hamaiketakoa dastatuko dute; haurrak, altxorraren bila ariko dira, eta gainontzeko herritarrek berriz, herri kirolak eta idi probak ikusteko aukera izango dute egunean zehar. Egun handia borobiltzeko, lehenik, sagardo dastaketa egingo dute herriko plazan Jon Uria eta Julene Otegi trikitilarien laguntzarekin. Azkenik, bertsolarien saio nagusia egingo dute Intxaur pilotalekuan, 23:00tik aurrera. Bertsotan, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña ariko dira, besteak beste.

Festetako azken egunari ekiteko, herriko gazteek herri kirol saioa eskainiko dute. 14:30ean herri bazkariaren txanda izango da, eta tiketak ohiko lekuetan egongo dira salgai herritarrentzat. 19:00etatik aurrera, Andoni Ollokiegi donibandar gazteak kantaldia eskainiko du plazan.

Kontzertu gauari jarraipena

Igotz Alkorta festa batzordeko kideak esan duenez, aurten ere «ahalegin ekonomiko handia» egin dute jaietan egingo diren kontzertuak ekarri ahal izateko. «Zizurkilgo jaietara sona handiko taldeak ekartzea lortu dugu, aurten ere. Pasa den urtean kontzertu gaua arrakastatsua izan zen, eta horregatik, Aiztondoko herrietarako garraio publikoa berriz jartzeko erabakia hartu dugu».

EGITARAUA

  • ABUZTUAK 13, ASTEAZKENA
    • 06:30. Oilasko biltzea. Baserritarrez jantzirik.
    • 11:30. Eskulanak haur eta gaztetxoentzat.
    • 14:30. Oilasko biltzaileen dantzaldia eta eraso sexisten aurkako herri argazkia.
    • 17:30. Pasaka modalitateko pilota partida zimiterioan: Ziarrusta-Alberdi vs. Aizpuru-Urbieta.
    • 18:30. Elektrotxufla elektrotxaranga.
    • 20:00. Suziria. Aurtengo Txapel Eguneko txapelduna izan den Luix Urkolak piztuko du suziria.
    • 21:00. Herri afaria, frontoian.
    • Ondoren. Erromeria Itzal taldearekin.
  • ABUZTUAK 14, OSTEGUNA. UMEEN EGUNA
    • 11:30. Krosa.
    • Ondoren. Buruhandiak eta jolasak.
    • 14:00. Bazkaria herriko umeentzat.
    • 16:00-19:00. Puzgarriak.
    • 16:00. XXXIV. Mus Txapelketa, zentroan.
    • 19:00. DJ Mikeltxinekin diskofesta.
    • 22:00. Lau eta Erdiko V. Intxaur Pilota Txapelketako finalak.
    • 22:30. Zezen suzkoa.
    • 00:00. DJ Mikeltxin.
  • ABUZTUAK 15, OSTIRALA. AMA BIRJIN EGUNA
    • 11:00. Erretirodunen hamaiketakoa Iriarten.
    • 11:30. Altxorraren bila haurrentzat.
    • 12:30. Herri kirolen erakustaldia, frontoian. Harri jasotzen: Ainitze Zumeta eta Paulo Azpiazu. Aizkoran: Eneko Saralegi eta Joseba Otaegi.
    • 18:00. Idi probak Plazaberrin.
    • Ondoren. Sagardo dastaketa plazan, Jon Uria eta Julene Otegi trikitilariekin.
    • 23:00. Bertsolarien saio nagusia: Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
    • Ondoren. Gorka-Hektor eta Alaitzekin dantzaldia, plazan.
  • ABUZTUAK 16, LARUNBATA
    • 12:00. Herriko gazteen arteko herri kirol saioa.
    • 13:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira.
    • 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
    • Ondoren. Bingoa eta jolasak.
    • 19:00. Andoni Ollokiegirekin kantaldia, plazan.
    • 23:00. Kontzertu gaua: Xiberoots eta Bengo, plazan.
    • Ondoren. DJ Txekor, plazan.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!