Itxaso Erasun, San Fermin Torneoko txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 12a

Erasun eta Zabaleta, txapela jantzita.

Goiuri Zabaletarekin bikotea osatuz, 22-19 irabazi diete Laia Salsamendiri eta Nora Mendizabali. Berdinketa asko izan ditu partidak, eta tentsio handia nabari zen kantxan; 1.200 zaleren aurrean jokatu dute.

Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak lehen aldiz irabazi du San Fermin Torneoa. Goiuri Zabaleta leitzarrarekin osatu du bikotea Erasunek, eta gorriz jokatu dute. Urdinez, berriz, Laia Salsamendi izabarra eta Nora Mendizabal andoaindarra. 22-19 irabazi dute gorriek.

Labrit pilotalekua leporaino bete da, eta giro bikaina izan da Iruñeko frontoian; 1.200 ikusle izan dira bertan, eta 300 pilotazale kanpoan geratu dira, sartu ezinik. Tentsio handiko hasiera izan du finalak; akaso, harmailen itxurak eragindako presioagatik. Lehen tantoak nahiko gogorrak izan dira, luzeak eta pilotakada askokoak.

Zabaleta eta Erasun oso ondo hasi dira. 4-0 aurreratu dira, eta batez ere, defentsan bikain aritu dira lehen tantoetan. Ondoren, baina, 1-9ko partziala egin dute urdinek. Salsamendi asmatzen hasi da, eta era guztietako tantoak egin ditu. Tartean, baina, Erasunek hiru tanto galdu ditu eta beste horrenbeste sake erantzun gabe utzi ditu. Urdinek lan erdiak egiterako, 200 pilotakada baino gehiago jo dituzte lau pilotariek, partida gogorra izaten ari zenaren erakusgarri.

Markagailuan 10-13 zihoazela egin du Erasunek bere lehen tantoa, atzean. Ondoren, 13na berdindu dute, Zabaletak txapa gainean moztutako bi pilota erantzunik gabe geratu ondoren. 14na ere berdindu dute, baina urdinek lau tanto egin dituzte segidan: 14-18. Une horretan, Salsamendi ari zen nagusitzen; erraz amaitzen zituen tantoak, Mendizabalen laguntza onari esker.

Bazirudien, partida hautsita zegoela, baina gorriek beste lau tanto egin dituzte, besteak beste, Erasunek ezker horman baztertutako pilota bat erantzunik gabe geratu da. 18nako berdinketarekin, urduritasuna areagotu egin da partidaren azken zatian.

19na ere berdindu dute. 20-19koa sakez egin du Zabaletak. 21-19koa, ezker horman itsatsitako pilotari esker. Eta hogeita bigarrena, sakez. Bera izendatu dute partidako jokalari onena. Zortzi tanto egin ditu, eta bakarra galdu du. Salsamendik hiru tanto gehiago egin ditu, hamaika, baina zortzi galdu ditu. Erasunek bi tanto egin ditu eta lau galdu. Mendizabalek ere lau galdu ditu, eta hiru egin.

Partida amaieran, pozik zen Erasun. «Oso lasai etorri naiz, baina kantxan oso urduri sentitzen nintzen. Ez nuen nire tokia aurkitzen. Segurtasunik gabe sentitu naiz, baina Goiurik asko lagundu nau, eta horri esker, markagailuari buelta ematea lortu dugu». Finala «mentalki gogorra» izan dela nabarmendu du: «Bagenekien aurkari oso gogorrak izango zirela, baina etengabe saiatuz, lortu dugu eustea. Fisikoki hobeto heldu gara amaierara, eta horrek markatu du diferentzia».

Zabaletak eta Erasunek, gaur arte, elkarrekin jokatutako final guztiak irabaziak zituzten, eta gaur ere hala gertatu da. «Gaur egun dagoen pilotari onenetakoa da, eta berarekin jokatzea garantia bat da», esan du pilotari zizurkildarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!