Erasunek San Fermin Torneoko finala jokatuko du

Ataria 2025eko ekainaren 30a

Pilotari zizurkildarra uztailaren 12an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean ariko da Zabaletarekin bikotea osatuz; Salsamendi-Mendizabal bikoaren aurka jokatuko dute.

Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak binakako San Fermin Torneoko finala jokatuko du, pilota mistoarekin; uztailaren 12an izango da, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Zabaletarekin osatuko du bikotea, eta Salsamendi eta Mendizabal izango dituzte aurkari.

Ostiralean jokatu ziren txapelketako bi finalerdiak, Soraluzen. Lehen partidan, Zabaletak eta Erasunek 22-20 irabazi zieten Etxegaraik eta Gamindek osatutako bikoteari. Partida parekatua izan zen, luzea eta zirraragarria. Gorabehera handiak izan ziren markagailuan, 20nako berdinketara arte. Azken txanpan, garaileak erabakigarriagoak izan ziren, eta horrela, finalerako txartela lortu zuten.

Bigarren finalerdia, berriz, Salsamendi-Mendizabal bikoteak 22-14 irabazi zion Aldai-Bergara bikoteari; hala ere, uste baino gogorragoa izan zen neurketa. Aldaik oso ondo jokatu zuen, baina Bergara ez zen ondo aritu; tanto dezente galdu zituen. Aurkariak, ordea, sendo aritu ziren, ia akatsik egin gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!