Herri kooperatibaren eguna ospatuko dute Zizurkilen

Ataria 2025eko ekainaren 27a

Larunbatean, ekainaren 28an, 11:00etatik aurrera egingo dituzte ekitaldiak Zizurkilgo Herriguneko plazan.

2018an Herribizigune egitasmoa abiatu zuten. Helburu nagusia herriko komunitatea sendotzea zen, Zizurkilena orokorrean, baina, bereziki, Herrigunearena. Helburu horri beira hainbat ekintza antolatu dituzte zazpi urteotan. Duela lau urte Herribizigunek saltoa eman zuen eta herri kooperatiba bihurtu zen. Larunbatean hirugarren urtemuga ospatzeko ekitaldiak egingo dituzte.

Herrigunearen plaza erdian egingo dute festa eta herritar guztiei egin diete gonbita tarte hori kooperatibako kideekin batera gozatzeko. Aldi berean, naziotasunari keinu berezia egin eta 10 euroko bonu baten truke Euskal Herriko zazpi herrialdetako zazpi jaki dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek.

Ospakizun honetara elkartasun internazionalista ere eramango dute eta goizean zehar Palestina herrialdearen aldeko horma-irudi kolektiboa margotuko dute.

Herribizigune, proiektu komunitario, publiko eta kooperatiboaren hirugarren urtemuga ospatzekok aukera izango da, beraz, ekainaren 28an, 11:00etatik aurrera Zizurkilgo Herrigunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!