Tokiko Enerkia Komunitatean izena emateko epea zabaldu dute

Ataria 2025eko ekainaren 25a

Argazkia: Zizurkilgo Udala

Herritarrek uztailaren 31ra arte izango dute aukera izena emateko. Herriko lau puntutan instalatu dira eguzki panelak.

TEK Zizurkil tokiko energia komunitateak izen-emate epea berriro zabaldu du. Herritarrek uztailaren 31ra arte izango dute aukera izena emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, parte hartzea erabat doakoa izango da 2030. urtera arte.

TEK Zizurkil energia berriztagarria sortu eta komunitateko kideen artean banatzeko helburua duen ekimena da. Eguzkiaren bitartez sortzen da energia, eta sortutako energia tokian bertan kontsumitzen da, herritarren artean partekatuz.

Herriko lau puntutan instalatu dira eguzki panelak: Zubimusu iIkastolan, Otaño eskolan, Mendigain ikastetxean eta Iriarte kultur etxean. Guztira, 84 kilowatteko ekoizpen gaitasuna du komunitateak, eta une honetan 73 bazkide daude.

Parte hartzearen abantailak

TEK Zizurkil energia komunitateak herritarrei hainbat onura eskaintzen dizkietela esan dute proiektuaren bultzatzaileek: %100 berriztagarria den, Zizurkilen bertan sortutako energia kontsumitzea; argindar-fakturan aurrezteko aukera; ez da etxean instalaziorik egin behar; ez da inbertsiorik edo konpromisorik eskatzen; eta ingurumena zaintzen eta Zizurkil jasangarriago bat eraikitzen laguntzen du.

Komunitateak sortzen duen energia egunez erabiltzen da soilik, eguzki orduetan. Energia ez da pilatzen, eta, horregatik, kontsumoa ahal den neurrian eguneko ordutegietara egokitzea gomendatzen da. Bestalde, parte hartu nahi duten etxebizitzek komunitatetik 2 kilometroko erradioaren barruan egon behar dute.

Komunitatearen parte izan nahi dutenek TEK Zizurkil komunitatearen webgunearen bidez edo udal bulegoetan eman dezakete izena. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!