Ekainaren 10an egin zuten Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean Eskola Agenda 2030 ekimeneko ikasturte amaierako udal foroa. Pedro Mari Otañoko eta Zubimusu ikastolako ikasleak, Maite Amenabar alkatearekin, ingurumen teknikariarekin eta Zizurkilgo Udaltzaingo buruarekin bildu ziren.
Mugikortasuna landu dute aurtengo ikasturtean eta ondorioztatu dute ikasleen gehiengoa oinez joaten dela eskolara. Joera bestelakoa da helduen artean, ordea: ia gehienek autoa erabiltzen dute egunero, eta erdiak baino gutxiagok darabil garraio publikoa.
Ikasleek udal ordezkarien aurrean konpromiso zehatzak hartu dituzte mugikortasun jasangarriaren alde: eskolara oinez edo bizikletaz joatea, motorrik gabeko ibilgailuak erabiltzea, eta ingurukoak autoa gutxiago erabiltzera animatzea.
Hiru proposamen ere egin dizkiote Zizurkilgo Udalari herriko mugikortasuna hobetzeko: Bialaren proiektua bultzatzea, herriguneko trafikoa murrizteko; bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea; bidegorri eta oinezkoentzako bide gehiago sortzea eta daudenak hobetzea; eta espaloiak zabaltzea.
Bere aldetik, Zizurkilgo Udalak eskerrak eman dizkie ikasleei urtean zehar egindako lanagatik eta helarazitako ekarpen baliotsuengatik.