El Salvadorreko ordezkariak herriko eskoletan

Ataria 2025eko ekainaren 6a

Senidetze Astearen barruan, El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko ordezkariak Pedro Mari Otaño eta Mendigain eskoletan izan dira.

El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko ordezkariek Pedro Mari Otaño eta Mendigain eskolak bisitatu dituzte, Aiztondoko herrien eta Ertamerikako komunitate honen arteko senidetze harremana ospatu eta sendotzeko asmoz. Bisita senidetze astearen barruan egin da, eta helburu nagusia izan da 30 urte baino gehiagoko elkartasun eta lankidetza esperientzia bizirik mantentzea, baita balio horiek belaunaldi berriei transmititzea ere.

Goizean bi eskolak bisitatu eta ikasle zein irakasleekin egoteko aukera izan dute ordezkariek. Urte hauetan guztietan elkarlanean landutako proiektuak aurkeztu, eta dinamika ezberdinekin osatutako jardunaldia partekatu dute.

Maite Amenabar Zizurkilgo alkatearen hitzetan, «hainbat belaunalditako ikasle, irakasle eta familien lanari esker, senidetze harreman hau errotu eta aberastu egin da. Harro gaude gure eskola komunitateek munduko beste herriekin harreman bizia mantentzen dutelako, eta ikasleek elkartasunaren eta kulturarteko bizikidetzaren balioetan hezten jarraitzen dutelako».

Eskolen arteko anaitasuna, urteetako harremana

Pedro Mari Otaño eta El Salvadorreko Henry Ortiz eskolaren arteko senidetze hitzarmena 2008an sinatu zen, bi komunitateen arteko harreman pedagogikoa sustatzeko. Ordutik hona, eskutitz trukeak, kultur ekimenak eta proiektu komunak landu dituzte ikasleek, elkartasunaren baloreen lanketa egin eta esperientzia aberasgarriak sortuz. Esperientzia hori inspirazio iturri izan zen Mendigain eskolaren eta El Barrial eskolaren arteko senidetze pedagogikorako. Elkar ezagutza, parte hartzea eta kulturarteko ikaskuntza izan dituzte oinarri.

Egindako proiektuak errepasatzeaz gain, senidetutako eskolarekin bideo-deia egin dute Otaño eta Henry Ortizeko ikasleek eta gaztetxo zizurkildarrek prestatutako galderen erantzunak lehen eskutik jaso dituzte.

Harreman errealetan oinarritutako elkartasuna

Amenabarrek azpimarratu nahi izan du elkarlanak eta elkartasunak egunerokotasunean eta harreman errealean sustraituta egon behar dutela. «Senidetze hau ez da sinbolo hutsa, elkarlan eta proiektuen bidez elikatutako harreman iraunkorra baizik. Balio horiek gure herriaren identitatearen parte dira» du alkateak.

Zizurkilgo Udalak eskola komunitateei eta senidetze harremana posible egiten duten eragile guztiei eskerrak eman dizkie, eta konpromisoa berretsi du: «Elkartasunaren eta kulturarteko ikaskuntzaren aldeko bidea ez da egun bateko kontua. Herri hezitzaile izaten jarraituko dugu, munduko beste herriekin elkarrekin ikasteko, hazteko eta laguntzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!