Urbietarrentzat txapela, espero zen bezala

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mai. 24a, 14:43

Xabier eta Andoni Urbieta, Urbieta II (Behar Zana) eta Urbieta III (Txost), izan dira garaile Gipuzkoako Pasaka Txapelketa - Zizurkilgo Zimiterio Sarian; 13-6 irabazi diete Jon eta Ibai Urbietari, Urbieta I (Behar Zana) eta Urbieta IV (Txost) pilotariei, anaien eta lehengusuen arteko finalean.

Xabier Urbieta Otaegi eta Andoni Urbieta Etxeberriak, Ibai Urbieta Etxeberria eta Jon Urbieta Otaegiren aurka jokatu dute, eguerdian, Gipuzkoako Pasaka Txapelketa - Zizurkilgo Zimiterio Saria torneoko finala. Txapelketaren lehenengo edizio honetan zortzi bikotek hartu dute parte, eta Urbietarrak heldu dira finalera. Jon eta Xabier, Urbieta I eta II, Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko jokalariak dira, eta anaiak. Andoni eta Ibai, Urbieta III eta IV, berriz, Oiartzungo Txost taldeko pilotariak dira, eta hauek ere anaiak dira. Gainera, lehengusuak dira elkarren artean. Hortaz, gaurko finala, etxe berekoen artekoa izan da. «Kasualitate hutsa izan da, eta aldi berean, esperientzia oso polita», adierazi du Xabierrek partida amaitu ondoren.

Lehia estua espero zen bi bikoteen artean, Zizurkilgo San Millan elizako zimiterioan. 13 joko egin behar ziren txapela irabazteko, eta lehen jokoak kintze askokoak izan dira. Hiruna, bosna eta seina berdinduta joan dira partidako lehen zatian. Bigarren zatian, baina, Xabier eta Andoni hobeto aritu dira. Sakea galdu gabe, zazpi joko egin dituzte segidan: 13-6. Galtzaileak ezinean aritu dira. Ezin izan dute sakea berreskuratu, eta nekeak eraginda, lehen zatian baino tanto gehiago galdu dituzte.

Xabier eta Andoni «pozik» zeuden partidaren amaieran: «3-0 jarri gara aurretik, baina bagenekien partida estutuko zutela, eta hala izan da, seina berdindu dugun arte. Batez ere, anaia Jonek lan handia egin du lehen kintzeetan, eta gero, Andoniri esan diot ezin genuela erritmo horretan jarraitu, nekeak eragina izango zuela, eta uste dut hala gertatu dela. Nekea azaldu denean, hobeto moldatu garela esango nuke», azaldu du Xabierrek. «Bagenekien partida asko luzatuz gero, gure kalterako izango zela, beraiek fisikoki oso zainduta eta gogor daudelako. Horregatik, partida ahalik eta azkarren hautsi eta txapela etxera eraman nahi genuen», gaineratu du.

Partidako beste gakoetako bat ere nabarmendu dute irabazleek: sakea ez galtzea, eta ondorioz, partidaren zati handiena alde berean jokatzea. «Nik, ezkerra izanda, gehiago agintzen dut alde horretatik», esan du Andonik.

Herritar ugari bildu da zimiterioan finala ikustera, eta alde horretatik ere pozik zeuden txapeldunak. «Oso ondo erantzun dute. Lehen aldia da txapelketa antolatzen dutela, eta herrian bertan ikusmin handia sortu du, ez finalean bakarrik, baita txapelketa guztian zehar ere. Askok, gainera, «hau zer da?» ere galdetu izan dute», adierazi du Urbieta III.ak.

Pasakaren ezaugarriak

Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola, arkupeak (zimitorioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketeak eta frontoi motzak. Pilota modalitate hau neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke. Hego Euskal Herrian, eskuz jokatzen dute.

Pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta pilota goxoa erabiltzen da, trapu asko eta kizkirik gabea. Sarea kantxaren erdian jartzen da, eta joko zuzen guztietan bezala, tantoak kintzeka kontatzen dira. 40ra iritsi eta tanto eginez gero, joko bat; eta horrela, 13ra iritsi arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!