Ugare auzoaren inguruko ekitaldiak abiatuko dituzte gaur

Ataria 2025ko mai. 14a, 11:59

Ugare izeneko garai bateko baserria auzuneari izena eman ziona. HERNANDORENA KULTUR ELKARTEA

Gaurtik igandera Zizurkilgo auzoaren iragana eta oraina lotuko dituzten ekitaldiak egingo dituzte. Igandean erakusketa gidatua eta zizka-mizkak izango dira.

Gaur abiatuko dute Zizurkilen, eta Maiatza Saltsan egitarauaren barruan, Ugare eraldatu zeneko istorioa... lemapean egingo dituzten ekitaldiak. Hernandorena kultur elkarteak auzoari buruzko ikuspegi historiko lantzeko enkargua jaso zuen egitasmoko kultura batzordetik eta lanketa egin du azkeneko hilabeteotan. Ikerketa 20 orrialdeko aldizkari batean bildu dute eta horrekin batera, batzordeak gaur hasi eta igandera bitarteko ekitaldiak antolatu ditu.

Gaurtik aurrera Ugare auzoaren iragana jasotzen duen argazki erakusketa izango da ikusgai eta ekimena abiatzeko, gaur, Hernandorena kultur elkarteak hitzaldia eskainiko du Atxulondo kultur etxean, 19:00etan.

Erakusketarekin batera, hamar bat pankarta tematiko ere prestatu dituzte Ugareren eraikin, plano eta bestelako elementuekin. Igandera arte egongo dira pankartak ikusgai, izan ere, egun horretan ospakizuna egiteko asmoa baitute zizurkildarrek: 11:00etan erakusketa gidatua egingo dute eta Loatzo musika eskolakoek eta Bukalai dantza taldekoek hartuko dute parte, ondoren, 12:30ean, auzoko eta herriko bizilagunentzat zizka-mizkak eskainiko dituzte, musikaz lagunduta.

Hilabetea amaitu bitarte

Maiatza Saltsan egitasmoa aurten, Ugare auzoan ardaztuko da, baina gainerakoan izango dira beste hainbat ekitaldi ere, maiatza bukatu bitartean. Hona hemen egitaraua:

MAIATZA SALTSAN 2025

  • MAIATZAK 14, ASTEAZKENA
    • 19:00. Hernandorena kultur elkartearen eskutik, hitzaldia Ugare auzoaren eraldaketaren inguruan. Erakusketa zabalik, maiatzaren 18ra arte.
  • MAIATZAK 15, OSTEGUNA
    • 12:30. Herri kirol erakustaldia, Intxaur frontoian: Ainitze Zumeta eta Maddi Gesalaga harri-jasotzen eta Joseba Otaegi eta Eneko Saralegi aizkoran.
    • Ondoren. Bazkaria Iriarten, bertsolariek girotuta.
    • 18:00. Gaztetxoen pilota partidak, Intxaur frontoian.
  • MAIATZAK 18, IGANDEA
    • 11:00. Argazki erakusketa gidatua Ugaren. Loatzo eta Bukalaien emanaldiarekin.
    • 12:30. Zizka-mizkak auzoko bizilagun eta herritarrentzat, musikaz alaituta.
  • MAIATZAK 23, ostirala
    • 18:00. Bukalai dantza taldearen ikasturte amaierako emanaldia, Joxe Arregi plazan.
  • MAIATZAK 24, larunbata
    • 12:00. Pasaka txapelketaren finalak, zimiterioan.
  • MAIATZAK 27, ASTEARTEA
    • 18:00. Trebagurasoak Gaztezulon. seme-alaben autestimua elikatzen hitzaldia, Nerea Mendizabalekin.
  • MAIATZAK 28, ASTEAZKENA
    • 18:00. Garbiñe Larrearekin, sendabelarren inguruko saio teoriko-praktikoa, Iriarten.
  • MAIATZAK 30, OSTIRALA
    • 10:00. Pausoka, adinak ez du inporta saioa, bidegorrian, Joxe Arregi plazatik abiatuta.
  • MAIATZAK 31, LARUNBATA
    • Danena eguna Zizurkilen.
    • Senidetze Eguna Villabonan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!