Zizurkil kulturaren epizentro bilatuko da hilabete honetan. Ugare eraldatu zeneko istorioa... lemapean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko memoria kolektiboa berreskuratu eta auzoaren bilakaera ezagutzera emateko. Argazki erakusketak, hitzaldiak, dantza eta musika emanaldiak, eta izango dira bestelako jarduera parte hartzaileak ere.
Maiatza Saltsan egitasmoko kultura batzordeak enkargua egin zion Hernandorena kultur elkarteari Ugareri buruzko ikuspegi historikoa lantzeko. Elkarteak lan sakona egin du eta auzoa nola sortu zen, demografikoki eta historikoki nola eraldatu den aztertu du. Ikerketa horren emaitza 20 orrialdeko aldizkari batean bildu eta doan banatuko da egunotan.
Egitarau oparoa
Lanketa horren bueltan, askotariko egitaraua prestatu du batzordeak. Maiatzaren 14tik 18ra bitartean Ugareren iragana jasotzen duen argazki erakusketa izango da ikusgai. Maiatzaren 14an, 19:00etan Atxulondon, Hernandorena kultur elkarteak Ugare auzoaren eraldaketari buruzko hitzaldia eskainiko du; eta bestalde, maiatzaren 18an, 11:00etan, erakusketa gidatua egingo dute Loatzo eta Bukalai taldeekin; ondoren, 12:30ean, auzoko eta herriko bizilagunentzako zizka-mizka izango da musikaz lagunduta.
Atxulondoko argazki erakusketarekin batera, 8-10 pankarta tematiko ere prestatu dituzte Ugareren hainbat atalekin: eraikinak, planoak, eta bestelako elementuak ageri dira. Bi pankarta Joxe Arregi plazan jarriko dira, beste bi Herrigunean, eta sei bat Ugareko pasealekuan.
Ainhoa Larrea Zizurkilgo Udaleko kultura teknikariak azpimarratu duenez, «oso garrantzitsua» da gure herriko historia gorde eta belaunaldi berriei transmititzea: «Ugareren adibidea baliatu nahi izan dugu herritarren parte-hartzea sustatzeko eta gure ondareari balioa emateko. Garrantzitsua da auzoaren eta herriaren memoria kolektiboa elikatzea».
Maite Amenabar alkateak nabarmendu duenez, «kultura, gure herrian, komunitatea sendotzeko tresna da. Herritarren parte hartzea eta kultura ekimenekiko atxikimendua sustatzea gure lehentasunetako bat da, eta maiatzeko egitaraua aukera bikaina da gure sustraiak ospatzeko eta elkarrekin gozatzeko».
Maiatza Saltsan egitasmoaren baitan beste hitzordu esanguratsu batzuk ere izango dira: maiatzaren 6an, Loatzo musika eskolako klarinete ikasleek emanaldia eskainiko dute Atxulondon; maiatzaren 7an, konpostari buruzko ikastaroa egingo da; maiatzaren 9an, Aztia antzerki musikatua ikusi ahal izango da Atxulondon, Metrokuadroka konpainia eta Don Inorrez taldearen eskutik; maiatzaren 9an eta 10ean, Lladó herriarekin senidetze ekitaldiak ospatuko dira; maiatzaren 10ean, XV. Biatloia eta Euskadiko Halterofilia Txapelketa Nagusia izango dira; maiatzaren 13an, Nahuel Pillatek adimen artifizialari buruzko hitzaldia eskainiko du liburutegian; maiatzaren 23an, Bukalai dantza taldearen ikasturte amaierako emanaldia izango da; maiatzaren 28an, sendabelar baratze saioa egingo da; eta hilabetea, maiatzaren 31n, Danena Egunarekin borobilduko da.