Danena Kirol Elkarteak antolatuta, Zizurkilgo Duatloiaren laugarren edizioa jokatu zen atzo. Guztira, 178 lagunek hartu zuten parte; 135 gizonezkok eta 43 emakumezkok. Gizonezkoak izan ziren abiatzen lehenak, eta bost minutura hasi zen emakumezkoen lasterketa. Guztiak ere, Joxe Arregi plaza ondoko Erniobidea kaletik abiatu ziren. 27,5 kilometro zituzten aurretik, hiru zatitan banatuta: 5 kilometro korrika, 20 bizikletan, eta azken 2,5 kilometroak berriro ere lasterka.
Lasterketaren bigarren edizioan gertatu moduan, aurten ere, esprint distantziako Euskadiko Txapelketa izan zen jokoan Zizurkilen. Hori horrela, egun distantzia horretan puntan dabiltzan duatloilariak izan ziren. Gizonezkoetan, Joanes Goitisolo eta Urko Herran ziren faborito, eta ez zuten hutsik egin. Goitisolo gernikarrak ia minutuko aldea atera zion Herran gasteiztarrari, eta podiumeko azken postua esprintean erabaki zen. Azkenean, Paul Bereziartua durangarra izan zen hirugarren eta Aratz Aizpurua lekeitiarra laugarren.
Goitisolok 57 minutu eskas behar izan zituen proba burutzeko. Korrikako saioan hamar segundo aurretik amaitu zuen Herranek, baina Goitisolok aise harrapatu zuen bizikletako zatiko lehen kilometroan, eta korrikako bigarren zatiaren aurretik, minutu bateko aldea ateratzen zion. Azkenean, alde hori mantendu zuen helmugara arte. «Lehen zatian ahalik eta denbora gutxien galtzen saiatu naiz. Nahiko txukun egin dudala esango nuke, eta gero, bizikletarekin, bera atzean utzi eta aldea handitzea lortu dut. Banekien bigarren zati horretan egongo zela gakoa, Urkoren ahulgunea delako. Oso pozik nago egin dudan lasterketarekin», esan zuen amaieran garaileak.
Korrikako saioan ez bezala, bizikletako saioa ez zuen bakarrik amaitu Herranek. Hain justu, bost laguneko taldea heldu zen Danena futbol zelaira, bizikletak utzi eta korrikako zatiari ekiteko. Leiha estua aurreikusten zen podiumeko beste bi postuetarako, baina Herranek aise egin zuen ihes lehen metroetan, eta bigarren heldu zen helmugara. Hirugarren postua, berriz, esprint bizian erabaki zen.
Euria aurreikusten bazen ere, ez zuen tanta bakar bat ere bota proba guztian zehar. Hori faltan bota zuen Goitisolok. «Nik nahiago dut euria egitea, hala entrenatzen ohituta nagoelako». Aldi berean, eskertu zuen euririk ez egitea. «Antolatzaileentzat eta ikusleentzat askoz hobeto. Ateri egonez gero, lasterketa politagoa da; hala, guztiek dute gozatzeko aukera».
Laugarren aldiz parte hartu du aurten gernikarrak, eta hirugarrenez jarraian jantzi du txapela; lehen edizioan bigarren izan zen, Herranen atzetik. Txapeldunak aitortu zuen «oso gustura» hurbiltzen dela Zizurkilera. «Herri txiki bat izanik, lan handia egiten dute eta herritar guztiak aritzen dira zereginen batean. Antolakuntza hamarrekoa da, eta jende ugari egoten da animoak ematen. Lasterketa berezia da niretzat eta oso eskertuta nago».
Lehenengoan, txapela
Emakumezkoetan, Ainhoa Murua zarauztarra eta Maddi Marquet donostiarra ziren faborito, eta ez ziren garaipenetik urrun ibili. Hala ere, hirugarren eta laugarren helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Hauen aurretik, Paula Del Pozo alegiarra eta Cecilia Ramirez mexikarra sailkatu ziren. Del Pozok ia bi minutuko aldea atera zion Ramirezi; honek gertuago izan zuen Murua, hamaika segundora. Marquet, berriz, Muruarengandik 17 segundora helmugaratu zen.
Handia egin zuen Del Pozok. Azken urteetan Zizurkilgo proban parte hartu nahi izan du alegiarrak, baina inoiz ezin izan du bertan egon. Aurten, aukera zuela ikusita, izena eman zuen. Lehen aldiz parte hartu eta txapela eraman du etxera. «Gaixo egonda ere, etorri nahi nuen. Oso pozik nago». Hain justu, aste honetan bizpahiru egunez ondoezik egon da alegiarra, eta jakitun zen horren eragina ere pairatu zezakeela lasterketan. «Bizikletako bigarren itzuliaren hasieran giharrak susto txiki bat eman dit, baina ez da ezer larria izan, eta amaierara arte kontrolpean eraman ahal izan dut», aitortu zuen amaieran.
Hasieratik nagusi izan zen Del Pozo. Korrikako lehen zatia amaituta, minutu erdia ateratzen zion Ramirezi, bizikletako zirkuitua burutu ondoren, ia bi minutuko aldea zuen mexikarrarekiko, eta azkenean, alde hori mantentzea lortu zuen helmugara arte. «Lasterketa gogorra da, aldapa askokoa. Indartsu hasi naiz, bizikletan bakarrik joan naiz, eta azkenean, lasterketa guztia egin dut bakarrik. Tentsio handiarekin joan naiz, ez nuelako erreferentziarik. Hala ere, oso gustura nago egindako lanarekin», esan zuen alegiarrak.
Korrikako lehen zatitik zuloa ireki zuen garaileak, hori baitzen bere asmoa. «Lasterketa puskatu nahi nuen, eta ea norbait nirekin batera joatera animatzen zen. Bakarrik nindoala ikusi dudanean, tartea mantendu eta gozatzen saiatu naiz. Ez nuen marka edo denborarik buruan».
Datozen hilabeteetarako, bi helburu ditu Del Pozok: «Batetik, distantzia olinpikoko Espainiako Txapelketan –Coruñan (Galizia) izango da ekainaren 7an eta 8an– parte hartuko dut. Eta bestetik, ekainaren 21ean Pontevedran (Galizia) jokatuko den esprint modalitateko Duatloiko Munduko Txapelketa. Hori izango da nire erronka handiena».
Zizurkilgo IV. Duatloia Garaje Tolosa Sariko sailkapenak:
Gizonezkoak:
- Joanes Goitisolo Otazua: 57.01
- Urko Herran Aguilar: 57.57
- Paul Bereziartua Plaza: 58.03
Emakumezkoak:
- Paula Del Pozo Borrachero: 1.05.38
- Cecilia Ramirez Alvarez: 1.07.20
- Ainhoa Murua Zubizarreta: 1.07.31
Euskadiko Txapelketa, gizonezkoak:
- Joanes Goitisolo Otazua: 57.01
- Urko Herran Aguilar: 57.57
- Paul Bereziartua Plaza: 58.03
Euskadiko Txapelketa, emakumezkoak:
- Paula Del Pozo Borrachero: 1.05.38
- Ainhoa Murua Zubizarreta: 1.07.31
- Maddi Marquet Ferran: 1.07.48
Taldeka, gizonezkoak:
- Garraitz Kirol Taldea
- Cafes Foronda Dida Kirol Taldea
- Lea La Blanca
Taldeka, emakumezkoak:
- Lea La Blanca
- Mugarra Triatloi Taldea
- Tolosaldeko Triatloi Taldea
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!