Berrehun duatloilari inguru ariko dira Zizurkilen lehian

Imanol Garcia Landa 2025eko apirilaren 10a

Zizurkilgo IV. Duatloia jokatuko da larunbat arratsaldean, eta Euskadiko Txapelketa izango da jokoan esprint distantzian. Antolatzaileak gustura daude parte hartze kopuruarekin.

Zizurkilgo IV. Duatloian 200 parte hartzaile inguru izango dira, larunbat arratsaldean. Joxe Arregi plazan da hasiera eta helmuga, eta gizonezkoak 16:15ean hasiko dira, eta emakumezkoak 16:20an. Gizonezkoetan federatuek zein federatu gabeek parte hartuko dute, eta emakumezkoetan federatutakoek bakarrik, federatu gabekorik ez baita animatu.

Izen ematea dagoeneko bukatuta dago, eta gustura daude antolatzaileak parte hartze kopuruarekin. «Azken 24 orduetan 50 kirolarik eman zuten izena. Bestalde, emakumezkoek parte hartzaileen % 25 osatzen dute, eta federatu gabeko 40 kirolari animatu dira», esan dute antolakuntzatik. Izan ere, garrantzia ematen diote federatu gabekoen parte hartzeari: «Herriko jendeak parte hartu dezan nahi dugu, eta oraindik probatu gabe duenak duatloia, ez dugu nahi behartu federatzera, herriko proba batean parte hartzeko. Lehenengo urtean ez genuen aukera izan horretarako, baina eskaera egiten jarraitu genuen eta azkenean lortu genuen».

Ibilbidean ez dago berez aldaketarik, baina Adunako industriagunearen parean konponketa lanak egiten ari dira errepidea zabaltzeko, eta ezin da bertatik pasa. Bypass bat jarrita dago, eta 200 metro luzatzen da bizikletan egin beharreko itzuli bakoitzean parte hartzaileek egingo duten ibilbidea. Hiru zati izango ditu probak: lehenengoa korrika izango da, 2,5 kilometroko ibilbideari bi itzuli emanez; bigarren zatian, bizikletaz, 10 kilometroko ibilbideari bi itzuli emango dizkiote; azkenik, korrika egingo dute hirugarren zatia, itzuli bakarra emanez ibilbideari.

Bigarren urtean gertatu zen moduan, esprint distantziako Euskadiko Txapelketa izango da jokoan Zizurkilgo IV. Duatloian. Hori horrela, egun distantzia horretan puntan dabiltzan duatloilariak izango dira Zizurkilgo proban. Gizonezkoetan Urko Herranz eta Joanes Goitisolo parte hartzekoak dira, eta emakumezkoetan Ainhoa Murua eta Maddi Marquet izango dira faboritoak.

Antolatzaileak oso gustura daude orain arte egin diren hiru edizioekin, bai parte hartzearen aldetik eta baita antolakuntzan laguntzen aritzen diren boluntarioei dagokionez. «Herritarrek asko laguntzen dute, eta harrigarria izaten da zenbat boluntario aritzen diren egunean bertan, bai bidegurutzeak ixteko, proba eta gero prestatzen den parrilan aritzeko edo muntaketa lanak egiteko. Oso gustura gaude horrekin, eta babesleen laguntzarekin. Horiek gabe ezingo genuke ekitaldia antolatu».

Proba bukatu eta gero, sari banaketa egin bitartean, parrila martxan egongo da, eta bertan prestatutako jakiak dastatzeko aukera egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!