Gipuzkoako Pasaka Txapelketa Zizurkilgo Zimiterioan jokatuko da

Ataria 2025eko apirilaren 3a

Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin elkarlanean, Gipuzkoako Pasaka Txapelketa – Zizurkilgo Zimiterio Saria antolatu du. Txapelketa asteburuan abiatuko da, eta finalak Maiatza Saltsan kultur egitarauaren baitan jokatuko dira, maiatzaren 25ean, eguerdiko 12:00etan.

«Zizurkil herri pilotazalea da, eta antzinako modalitate honen berri izan genuenean, Gipuzkoako Txapelketa gure herrira ekartzea aukera paregabea iruditu zitzaigun. Gainera, Zizurkilgo Zimiterioak pasakan jolasteko ezaugarri egokiak ditu, eta horrek ere erabakia erraztu zuen», adierazi du Maite Amenabar Alkorta alkateak.

«Pasaka oso modalitate berezia da, eta Gipuzkoan oso toki gutxitan mantendu da bizirik. Oiartzunen eta Zizurkilen soilik jokatzen da gaur egun, eta horrek are bereziago egiten du», azaldu du Iñaki Lizaso Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakariak. «Pasaka jokoa mantentzea gure kirolaren ondarea zaintzea da, eta herritarrak modalitate hau ezagutzera animatzen ditugu».

Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola arkupeak (zimitorioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketeak eta frontoi motzak. Modalitate hau neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke. Pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta pilota goxoa erabiltzen da, trapu asko eta kizkirik gabea. Guantearekin jokatuz gero, pilota handiagoa izaten da. Sarea kantxaren erdian jartzen da, eta joko zuzen guztietan bezala, kintzeka kontatzen dira. Hala ere, pasakan ez dago arraiarik, laxoa, bote luzea eta errebotean ez bezala.

Bi multzo egingo dira, eta bakoitzean lau bikote lehiatuko dira. A multzoan Alberdi-Aizpuru (Tolosa CF), Esnal (Hernani)-Urruzola (Behar Zana), Karrera (Behar Zana)-Chiapuso (Eple Errenteria) eta Urbieta II (Behar Zana)-Urbieta III (Txost Oiartzun) bikoteak ariko dira. B multzoan, Perurena-Altuna (Tolosa CF), Lizaso-Maiz (Behar Zana), Iraola-Aburuza (Behar Zana) eta Urbieta I (Behar Zana)-Urbieta IV (Txost Oiartzun) bikoteak. Asteburu honetan jokatuko da lehenengo jardunaldia. Bihar, ostirala, 17:00etan, Alberdi-Aizpuru eta Esnal-Urruzola bikoteen arteko partida jokatuko da. Larunbatean bi partida jokatuko dira, 09:30etik aurrera: Perurena-Altuna eta Lizaso-Imaz artekoa, eta Iraola-Aburuza eta Urbieta I-Urbieta IV artekoa. Igandean, 11:00etan, Karrera-Chiapuso eta Urbieta II-Urbieta III bikoteen artekoa izango da jokoan. Hiru jardunaldi jokatuko dira eta multzo bakoitzeko lehenengoak bestearen bigarren sailkatuaren aurka finalerdia jokatuko du, maiatzaren 18an. Finala maiatzaren 25ean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!