Zizurkilgo IV. Duatloia apirilaren 12an egingo da

Ataria 2025eko martxoaren 29a

Izen ematea irekita dago, eta Rock the Sport webgunean egin daiteke. Apirilaren 7a da azken eguna horretarako.

Federatuentzat eta federatu gabe daudenentzat da Zizurkilgo IV. Duatloia. Apirilaren 12an arratsaldez egingo da, eta Euskadiko Txapelketa izango da jokoan esprint kategorian. Gizonezkoak 16:15ean hasiko dira eta emakumezkoak 16:30ean, Joxe Arregi plaza ondotik.

Lehenengo korrika zatia 5 kilometroko lasterketa izango da, 2,5 kilometroko ibilbideari bi itzuli emanez, aurreko edizioetan erabilitako berbera. Txirrindularitza zatia 20 kilometrokoa izango da, 10 kilometroko ibilbideari bi itzuli eginez eta betiko trazadura mantenduz, hau da, Adunara igoz eta gero Zizurkilgo Herrigunera. Antolakuntzatik azaldu dutenez, bide zatitxo batean asfaltatze lanak egin ditzakete, eta horrek desbideratze txiki bat eragin lezake, baina distantzian ez du eraginik izango. Azken korrika zatia 2,5 kilometrokoa izango da, ibilbideari itzuli bakarra emanez, helmugara iritsi aurretik azken ahalegina egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!