Herriko trafikoa eta garraio zerbitzua hobetzeko bilerak egin ditu udalak aldundiarekin

Ataria 2025ko mar. 12a, 11:57

Zizurkilgo Udalak lehentasunezkoa du saihesbidea eta aldundiak iaz egindako proposamena aztertu ondoren proiektuaren trazadura egokitzeko eskatu du besteak beste. Bulandegi bidean espaloia eta Olentzoko bidegurutzean biribilgunea egitea ere eskatu dute udal ordezkariek.

Udalerriko trafikoa eta mugikortasun zerbitzua hobetzeko helburuarekin bilerak egin ditu Zizurkilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide eta Mugikortasun sailekin. Herritarren ongizatea eta mugikortasun seguruagoa bermatzeko proiektuen premia azpimarratu du udalak bilerotan.

Joan den astean bildu ziren udal ordezkariak Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuarekin eta Mikel Uribetxeberria teknikariarekin, saihesbidearen proiektua eta herriguneko segurtasuna hobetzeko neurriak aztertzeko.

Iazko urtarrilean saihesbidearen proiektua bizkortzeko eskaria egin zion udalak Errepide Sailari eta, uztailean, aldundiak ibilbide alternatibo bat proposatu zuen. Behin proiektua aztertuta udalak proposamena berrikusteko eta hainbat egokitzapen egiteko eskatu du, «saihesbideak udalerriaren etorkizuneko garapena errespetatu eta herritarren bizi-kalitatea berma dezan».

Elbarrena auzotik Asteasuko industriagunera doan trafikoa herrigunetik ateratzeko saihesbide eske dabil udala azkeneko urteetan. Iazko uztailean aldundiak aurkeztutako trazadurari, ordea, hainbat arazo antzeman dizkio Zizurkilgo Udalak: «Hiri-hazkunde aukerak mugatzen ditu, HAPOaren aurreikuspenak kaltetuz eta, gainera, nola proposamenean egiten den saihesbidearen kokapena ez den egokiena, Akezko auzoa oraindik ere gehiago isolatzen du». Saihesbidearen trazadura egokitzeko eskatu du, beraz, udalak, «herrigunetik gertu mantenduz, baina eragin negatiboak minimizatuz».

Udalak saihesbidearen proiektua lehenesten du, baina proiektua gauzatu arte zain ezin direla egon adierazi du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak, horregatik, herritarren segurtasuna bermatzeko «premiazko» neurriak Errepide Sailarekin adostu nahi ditu eta lanak haiekin koordinatuta egin. Neurri zehatzak proposatu dizkio udalak aldundiari: oinezko pasabideetan lurreko argiak jartzea; abiadura-muga seinale argiztatuak ezartzea eta abiadura-muga 30 kilometro ordukoa izatea; seinale horizontalak indartzea; Cojin Berlines motako elementuak jartzea; eta Ernio bideko erreien arteko eremua eta isleta guztiak gorriz margotzea ikusgarritasuna handitzeko.

Bestelako eskaerak segurtasuna hobetzeko

Saihesbidearen eskaerarekin batera, Zizurkilgo Udalak Errepide Sailari eskatu dio bere gain hartzeko Bulandegiko Irisgarritasun Planaren D eremuaren gauzatzea. Bide horrek alde batera espaloirik ez du eta oinezko ibilbideetan eragina du; bihurgunearen ikusmen urriagatik arrisku egoerak sortzen dira.

Bileran gaiaren inguruko adostasunik ez da izan, Errepide Sailak irizten baitio espaloien gauzatzea udalaren eskumena dela. Aldi berean, udalak defendatzen du bihurgunearen hobekuntza aldundiko sailaren ardura dela, «trafiko segurtasunaren arloan duen eraginagatik».

Aldi berean, Olentzoko bidegurutzean biribilgune bat eraikitzeko eskatu dio udalak aldundiari, trafikoaren abiadura murrizteko, trafiko-zirkulazioa hobetzeko eta Asteasuko industriagunearen sarbidea egokitzeko. «Biribilgunea eskatzen dugu kamioientzako eta bertako enpresen sarrera irteera seguruagoa izan dadin», aipatu du Amenabarrek. GI-2631 et aGI-3281 errepideek bat egiten dute Olentzoko bidegurutzean eta trafiko handia ibiltzeaz gain, «arrisku puntu bihurtu da». 

Garraio publikoa indartzeko eskaera

Autobus geltokiak behar bezala markatu eta, bereziki herrigunean, lehendik dauden zerbitzuak indartu nahi ditu udalak. Garraio publiko zerbitzua hobetzeko helburuarekin bilera egin berri du Zizurkilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Fernando Prieto Mugikortasun zuzendariarekin.

«Herriguneko autobus zerbitzuaren maiztasuna handitzeko eskaera egin dugu, izan ere, gaur egun, goizean institutura doazen gazteek ez dute garraio zerbitzurik. Garai batean zerbitzu hori bazegoen, baina kontzesio berria egin zenean galdu zen. Orain hobekuntzak txertatzeko aukera egongo da eta, horrenbestez, Asteasutik institutura doan autobus zerbitzua herrigunetik abiatu ahal izango litzateke» azaldu du Amenabarrek.

Era berean, Elbarrenako zenbait autobus geltoki martxan jartzeko beharra ere azpimarratu du alkateak: «Besteak beste, intermodalitatea hobetzeko, tren geltokiaren aurrean dagoen autobus geralekua ibilbidean sartzea, eta paper fabrikaren parean dagoena erabilgarri jartzea proposatu dugu, autobus zerbitzua herritarren beharretara egokitzeko. Horrek, garraio publikoaren irisgarritasuna eta herritarren mugikortasuna nabarmen hobetuko lituzke».

Mugikortasun Sailetik udal ordezkariei adierazi diete euren eskaerak aztertu eta kontuan hartuko dituztela. «Uste dugu proposatutako neurri batzuk epe laburrean gauzatzeko modukoak izan daitezkeela», nabarmendu du Amenabarrek. «Zizurkilgo Udalak lanean jarraituko du garraio publikoa hobetzeko, herritarren mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!