M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2025

Zizurkilgo Udalak egitarau zabala antolatu du M8rako

Ataria 2025ko mar. 6a, 16:24

Osasunaren eta elikaduraren inguruko saioek, irteerek, musika saioek eta tertulia literarioek osatuko dute egitaraua. Mugimendu feministarekin bat egin eta mobilizazioetarako deia luzatu du Zizurkilgo Udalak.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Zizurkilgo Udalak egitarau zabala prestatu du martxoan, herritarren partaidetza sustatzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Maite Amenabar alkateak azpimarratu duenez, «berdintasunaren aldeko borroka ez da egun bakarrekoa, urteko 365 egunetan egiten dugun lana da. Martxoko ekimenekin, herritarrei kontzientzia piztu eta emakumeen eskubideen aldeko aldarria indartu nahi dugu».

Ahoz aho jaialdia izango da martxoaren 6an, 19:30ean, Plazida Otaño liburutegian. Bertan, Celeste Abba eta Amaia Egidazuren eskutik, emakume ausarten istorioak ezagutzeko aukera izango da. Ainhoa Larrea kultura teknikariak azaldu duenez, «ahozko tradizioak eta ipuinak betidanik izan dira emakumeen istorioak kontatzeko tresna. Bi narratzaile hauek herri-ipuinak eta egile-ipuinak uztartuz, ausardiaz eta askatasunez diharduten emakumeen istorioak ekarriko dituzte».

Mugimendu feministarekin bat

Herriko feministekin batera Zizurkilgo Udalak ere hainbat ekimen antolatu ditu larunbaterako, martxoaren 8rako Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean. Aiztondoko klasikan ere kaleak moretuz ekimena egingo dute larunbatean eta feministek hitzordua egin dute, 12:00etan, Zizurkilgo taxi geltokian. 14:00etan bazkaria izango da, norberak berea eramanda Joxe Arregi plazan, eta 17:00etan, Irradaka egingo dute plazan bertan. Ondoren, Tolosako Triangulotik abiatuko den manifestaziora joateko deia luzatu dute udaletik.

Osasunaren eta elikaduraren inguruko saioak ere eskainiko dituzte Zizurkilen egunotan. Martxoaren 7an, 14an eta 22an. Lehen bi saioak teorikoak izango dira; hirugarrena, aldiz, praktikoa:

  • Martxoaren 7a, ostirala
    • 18:00. Atxulondon Menopausia eta perimenopausia: aldaketak eta beharrak hitzaldia. Prozesu natural honen inguruko azalpenak, hormonak eta elikaduraren eragina jorratuko dira.
  • Martxoaren 14a, ostirala
    • 18:00. Asteroko menuaren antolaketa eta planifikazioa, elikadura osasuntsua mantentzeko estrategiak lantzeko.
  • Martxoaren 22a, larunbata
    • 10:00. Urkamendi elkartean, Sukaldean behin tailer praktikoa. Aurreko saioetan jasotako ezagutzak praktikan jarriko dira errezeta sinple eta osasuntsuen bidez. Azken tailer honetan parte hartzeko izen-ematea beharrezkoa da (10 euro), Udal-bulegoetan.

«Menopausia eta perimenopausia prozesu naturalak badira ere, oraindik askotan tabu gisa tratatzen dira. Emakumearen bizitzan aldaketa garrantzitsuak gertatzen diren unea da, etapa garrantzitsua da. Sarritan, informazio nahikorik gabe eta laguntza egokirik gabe egin behar izaten zaio aurre. Tailer hauen bidez, prozesu horren inguruko ezagutza handitu, normalizatu eta bizipenak partekatzeko espazioa eskaini nahi da», azpimarratu du Larreak.

Martxoaren 15ean Emakumeen eguneko irteera egingo dute Tolosaldeko Andragora emakumeen etxera eta Zumarragako Antioko baselizara. Ondoren, bazkaria egingo da Zumarragan. Izena emateak uda -bulegoetan eta Plazida Otaño liburutegian egin daitezke, 30 euroan. Autobusa 09:15ean abiatuko da Pedro Mari Otaño plazatik eta 09:30ean Joxe Arregi plazatik.

Musika ere ez da faltako. Martxoaren 21ean, 19:30ean, Heitxi artista gazteak kontzertua eskainiko du Atxulondo kultur etxean. Sarrerak salgai daude  udal bulegoetan, 5 euroan.

Azkenik, martxoaren 25ean, tertulia literarioa izango da, 17:30ean, Plazida Otaño liburutegian. June Fernandez idazleak gidatuko duen saioan, Aingeruak eta neskameak liburuaren inguruan eztabaidatuko da, alokairuzko sabelei buruzko gogoeta interesgarria sortuz. «Literaturak errealitate sozialak ulertzeko eta haiei buruz hausnartzeko aukera ematen du. Saio honek, irakurketatik haratago, gaur egungo auzi konplexu baten inguruan ikuspegi kritikoa lantzeko espazioa».

Larreak azaldu duenez, «programazio honekin, emakumeen ikusgarritasuna handitu eta ahalduntzea sustatu nahi dugu. Emakumeen bizipenak, historia eta borroka balioan jartzeko unea da, eta horretarako herritarren parte hartzea funtsezkoa da». Ekintza hauek belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko eta emakumeen ahotsari espazio propio bat eskaintzeko aukera paregabea direla uste dute udal ordezkariek.

Zizurkilgo Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu alkateak ekitaldi hauetan parte hartzera, emakumeen berdintasunaren aldeko konpromisoa sendotuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!