Luix Urkola omenduko dute Txapela Egunaren 30. edizioan

Ataria 2025eko otsailaren 26a

Herribizigune elkartekoek jaso zuten iaz txapela. ATARIA

Martxoaren 15ean egingo dute aurtengo edizioa eta azken hamarkadetan udal brigadako langile izan dena aukeratu dute aurtengo txapelduna izateko.

Txapela Eguna helburu bikoitzarekin sortu zuten Zizurkilen: txapela jantzita lagun giroan herritarrak batzea batetik, eta herri giroa sustatzen lan egiten duen talde edo pertsona bat eskertzea bestetik. Horretan jarraitzen dute ekimenaren antolatzaileek eta aurten, 2025ean, Luix Urkola, Luixito izango da omendua.

Festa batzordeak erabakiaren arrazoiketa laburra eman du: «Zizurkilgo herrigunean pertsona ezaguna da Luix. Hamaika saltsatako kide gaztetan, Iriarte jatetxearen lehen arduraduna Marga emaztearekin batera, udal brigadako langile azken hamarkadetan…  Festei lotuta ere, festak bi aldeetatik bizi izan ditu, herritar parte hartzaile gisa lehenik, eta lanean azken urte luzeetan. Festa batzordeak txapela jarrita eskerrak eman nahi dizkio Zizurkili eskaini dionagatik eta urte askoan nahiko genuke bidelagun herrian».

Hau da martxoaren 15eko Txapela Egunerako prestatu duten egitaraua:

  • 16:00. Zentroan, txapeldunen mus lehiaketa
  • 17:00. Intxaur frontoian,   Bukalai dantza taldearen emanaldia
  • 19:00. Erremonte partida frontoian: Beteranoak eta gaztek nahasian 
  • 20:30. Plazan,  II. Txapel saskiratze lehiaketa  (eguraldia lagun ez bada zimiterioan)
  • 21:00. Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean (Menua: Arrain zopa, oilaskoa patatekin, etxeko tarta, kafea eta txupitoa. Prezioa: 35 euro eta txartelak salgai Iriarte, otsailaren 28tik aurrera).

Afal ostean, Herribizigune elkarteak, 2024eko txapeldunak jarriko dio txapela Luix Urkolari eta Luix izango da 2025eko jaien hasierako txupinazoa botako duena.  Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afalostea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!