Ekitaldi bateratuak Zizurkilen, memoria osoa aldarrikatzeko

Ataria 2025eko otsailaren 11

Herri memoria taldeak senideekin adostuta, hemendik aurrera eta urteurren borobiletan izan ezik, elkarrekin oroituko dituzte Joxe Arregi eta Joxelu Geresta.

Urtero-urtero Joxe Arregi eta Joxelu Geresta Ttotto herritarrak gogoratu eta haientzat egia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dituzte Zizurkilen. Aurten, ordea, ez da izango kasu bakoitzari espresuki eskainiko zaion ekitaldirik izango. Hala jakinarazi du Herri memoria taldeak eta azpimarratu du eraildako bi zizurkildarren senideekin adostuta hartu dutela erabakia. Urteurren borobiletan izan ezik, gainerako urteetan bi herritarrak elkarrekin oroituko dituzte: «Aldaketa hau baliatuko dugu estatuak eragindako sufrimenduaren memoria osoa aldarrikatzeko: torturatuena, erbesteratuena, gerra zikinak hil eta jazarriena... Egia asko dago oraindik ezkutuan».

Ekitaldi nagusi bat egingo dute urtero Herri oroimenaren gunean, Urkamendi mendian. Bi euskal militanteei egin zietena gogoratzeko Hegitik Egiara ekitaldia egingo dute otsailaren 22an, 12:00etan. Eguraldi txarra egiten badu, Zimiterioan izango dela iragarri dute antolatzaileek. Herri memoria elkarteak Zizurkilgo Udalaren eta herritarrekin batera hitzordu nagusi hau laguntzeko egitarau zabala antolatu du.

EKITALDIAK MARTXORA ARTE

Zizurkilgo Herri memoria taldetik uste dute egia guztiak, kontakizun guztiak, ezinbestekoak direla aurrera egin nahi badugu: «Herritik bertatik sustatu behar dugu memoria osoaren aldarrikapena, guk kontatu behar diegu ondorengoei herri honetan gertatua, gure kasuan, Zizurkilen pasa dena».

Herrian estatu aparatuek hil zituzten bi kide dituztela gogoratu dute taldetik: Joxe Arregi eta Joxelu Geresta Ttotto. «Oraindik inolako aitortzarik ez dute. Espainiako estatuak ez du interesik zenbait egia argitara ateratzeko». Horregatik, azken 44 eta 26 urteetan egin duten bezalaxe, bi kideentzat egia, aitortza eta erreparazioa eskatzen jarraituko dutela adierazi dute.

«Ez gara nekatuko salatzen estatu espainolak eta, neurri batean, frantsesak ere, euskal herritarren aurka egiteko nola erabili duen tortura, sistematikoki eta era maltzurrean. Joxeren erailketa horren adierazpen eta ondorio gordina da», aipatu dute Zizurkilgo memoria taldeko kideek. Aldi berean salatu dute gaur egun sekretu ofizialen legea indarrean mantentzeak eragiten duena. «Ttottoren eta beste hainbaten erailketa argitu gabe eta ezkutuan gordetzeko erabiltzen dute legea».

Euskal Herriak azken hamarkadetan bizi izan duen indarkeriak «hamaika ertz» dituela esan dute taldekoek. Horregatik, memoria osoaren aldarrikapena egiteko, otsailaren 22ko ekitaldiarekin batera, beste hainbat antolatu dituzte. Bihar, esate baterako, Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala eskainiko dute Atxulondo kultur etxean 19:00etan; 1982an Oiartzunen erail zuten Esteban Muruetagoiena medikuaren kasua kontatzen du filmak. Martxoaren 7an eta 14an egingo dituzte hurrengo ekitaldiak.

HERRI MEMORIA: HEGITIK EGIARA

  • Otsailak 13 osteguna
    • 19:00. Atxulondo kultur etxean Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala, Esteban Muruetagoiena medikuaren kasuaz.
  • Otsailak 22, larunbata
    • 12:00. Urkamendik Hegitik Egiara izeneko ekitaldia. Eguraldi txarrarekin Herriguneko Zimiterioan egingo da ekitaldia.
  • Martxoak 7, ostirala
    • 19:00. Zineforuma egingo dute Herribiziguneko lokalean. Non dago Mikel? dokumentala eskainiko dute, Mikel Zabalzaren kasua azaltzen duen filma.
  • Martxoak 14, ostirala
    • 19:00. Paco Etxeberria mediku forentsearen hitzaldia Iriarte kultur etxean.
 
OSO LATZA IZAN ZEN

Joxe Arregi Izagirre (Asteasu, 1951 - Madril, Espainia 1981). 1981eko otsailaren 4an, Isidro Etxaberekin batera Madrilen atxilotu ondoren, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzara eraman zuten, eta bertan, terrorismoaren aurkako legeria aplikatuz, inkomunikatuta eta galdeketapean eduki zuten bederatzi egunez.

Galdeketan Polizia Nazionaleko 72 agentek parte hartu zuten, eta egin zizkioten torturen ondorioz Carabanchelgo Espetxe Ospitalera eraman zuten otsailaren 12an. Biharamunean hil zen. Hil hurren zela, «oso latza izan da» esan zien ospitaleko ziegan aldamenean zituen kideei.

 

KLASIFIKATUTAKO EGIA

Joxelu Geresta Mujika (Zizurkil, 1970 - Errenteria, 1999). Zamalbide auzoko jatetxeko langile batek aurkitu zuen Gerestaren gorpua, sagasti batean, ahoz gora, pistola bat ezkerrean zuela eta tiroa eskuin lokian. Gerestaren familiak hilketa bat izan zela salatu zuen hasieratik. Haien ustez, erantzule zuzen eta zeharkakoen inguruko informazioa eskuratzea eragozten du, indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legeak.

Gorpuari egindako bigarren autopsian medikuek ikusi zuten bi hagin atereak eta beste hagin bat tresnaren batekin ebakia zituela, oso mozketa garbiarekin. Auzitegi medikuak egindako azterketan ikusi zuten hil ondoren kendu zizkiotela bi haginak. Datuek zalantzak eragiten zituzten arren, Ertzaintzaren ikerketak ondorioztatu zuen gazteak bere buruaz beste egin zuela. Epaileak auzia artxibatu zuen.

Gerora, bost polizia baino ez zituzten atxilotu eta bi bakarrik auzipetu. Bi polizia horiek aske geratu ziren, ordea, bete ez zuten zazpi hilabeteko espetxe zigorrari helegitea jarri ondoren.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!