Zizurkilgo Udalak 3.987.752 euroko aurrekontua izango du 2025ean, iazkoa baino %6,64 handiagoa. Urtarrilaren 28an egindako osoko bilkuran onartu zuten EH Bilduren proposamena EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin. Maite Amenabar alkateak adierazi duenez, herritarren beharrak erdigunean jarrita diseinatu dute aurtengoa.
Udal taldeak «zuhurtziaz» jardun duela nabarmendu du Amenabarrek : «Kudeaketa arduratsua egin dugulako da udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua; finantzak modu orekatuan sendotu ditugu». Horren adibidetzat hartu du EH Bildu udal gobernura iritsi zenean udalak zuen 3 milioi euroko zorra, 250.000 eurora jaitsi izana. «Beste hiru urte beharko ditugu zor hori erabat kitatzeko, eta horregatik ez dugu baztertzen, aurrera begira, proiektu garrantzitsu bat aurrera ateratzeko mailegu bat eskatzea».
Udalak dauzkan baliabideekin «errealismoz» jokatzen ahalegindu direla esan du alkateak eta horregatik inbertsioen kapitulura 247.000 euro baino ez dituzte bideratu: «Iaz diru kopuru bertsua jaso genuen inbertsioetarako baina urtea amaitzerako kopurua bikoiztu genuen, partidak alde batetik bestera mugituta eta beste erakundeetatik diru laguntzak jasota. Aurten ere irizpide berdinarekin jarraitu asmo dugu».
Legealdi hasieran onartutako 2023-2027 inbertsio plana du udal taldeak iparrorratz eta bertan jasotako bide-orriari jarraitu diote aurtengoan ere. Agintaldi honetako proiektu nagusia da Bulandegi bidearen egokitzapena eta iaz egindako ahalegin ekonomikoari, aurten beste 75.000 euro gehituko dizkiote irisgarritasun planaren lehenengo fasea amaitzeko. Teodosioberri etxetik plazara bitarteko espaloia eta Pasusberri parekoa zabalduko dituzte, besteak beste.
2024ko aurrekontuko partidatik egingo dira lan horietako batzuk eta obrak esleitu ondoren, udaberri aldera hasi nahi dituzte lanak. Iazko aurrekontutik berrituko dute, baita ere, Kuttuna haur eskolako parkea eta hobetuko dituzte zenbait herri-bide.
KIROLGUNEAREN PROIEKTUA
Inbertsioak egin eta diru laguntzak lortzeko, proiektuak aurrez diseinatzea ezinbestekoa dela aipatu du Amenabarrek eta esan du aurrekontuan 54.000 euro gorde dituztela hiru hirigintza-proiektu idazteko: Otañoko pilotalekua estali eta alboak ixteko proiektua da horietako bat, eta bestea, berriz, Atxulondo eraikinaren birgaitze energetikoa jasotzen duena.
Hirugarren proiektu garrantzitsua kirolgunearena da, herriko kirol taldeek behin eta berriro eskatu dutena. Inbertsio planean hartutako konpromisoari jarraituz, aurten idatziko du udalak kirolgunearen proiektua. «Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dugu gaiaz eta esan digute ekainerako aterako dituztela gisa honetarako proiektuetarako laguntzak. Ordurako udal arkitektoak prest edukiko du proiektua», hitz eman du Amenabarrek.
Ez du aparteko zehaztapenik eman nahi izan, baina alkateak aurreratu du Danena futbol zelaiaren inguruan eraikiko dela kirolgunea. «Danena Halterofilia taldeak merezi du eta herriak zor dio horrelako espazio bat, beraz, gu ahaleginduko gara haiei erantzun bat ematen. Haiei eta baita gainerako herritarrei ere. Gaur egun Atxulondon hala moduz ematen diren hainbat kirol aktibitate eremu horretara eramatea da gure borondatea. Ez da izango kiroldegi bat baina bai erabilera zabala izango duen gune bat».
Otaño herri eskolako instalazio elektrikoa berritzeko, herri-bideak hobetzen jarraitzeko eta Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubia eraberritzeko inbertsioak ere egin asmo ditu Zizurkilgo Udalak 2025ean.
Bide batez, aurtengo aurrekontuan eutsi diete herriko elkarteei ematen zaien laguntzei. 50.000 euro baino gehiago erabiliko dituzte horretarako. «Erabaki guztietan ikuspegi feminista eta hizkuntza-irizpideak hartzen ditugu kontuan. Esate baterako, laguntza handituko zaio Goiztxokori gurasoei kontziliazioan laguntzen dien programari eta, modu berean, alfabetatze programen diru laguntzak bikoiztu egingo ditugu».
Zizurkilgo kultur eskaintza zabalaren erakusgarritzat jo ditu alkateak Maiatza Saltsan, urriko Azoka Berezia, Blues Gaua, Kirol Astea, herriko jaiak, Antzerki Astea, pilota jaialdiak eta abar. Aurtengo aurrekontuan ere gorde dituzte partidak ekimen horiek guztiak bideratzeko.
BEHAR SOZIALAK ESTALTZEKO
Inoizko aurrekontu sozialena izango du udalak 2025ean Amenabarren hitzetan: «Lehentasuna da guretzat Gizarte Zerbitzuetara baliabideak bideratzea, Zizurkilen ez dugu inor atzean utzi nahi». 270.000 euroko aurrekontua du sailak eta, iazkoarekin alderatuta, 50.000 euroko gehikuntza egin diote. «Guk ez dugu gastutzat hartzen, herritarrengan ongizaterako dirua erabiltzea herrian bertan inbertitzea da».
Aurrekontu osoaren %42 pertsonal gastuetara bideratzen dute Zizurkilen, ia 1,7 milioi euro. «Herria bitan banatzeak zerbitzu batzuk bikoiztea dakar eta horiei erantzuteko pertsonala behar dugu». Alkateak aipatu du udaleko aldi baterako langileak egonkortzeko prozesua dagoeneko amaitu eta zazpi bat postu egonkortzea lortu dutela, «behin behinekotasuna jaitsiz».