Ezkeltzuko proiektua behin betiko baztertzen duela jakinarazi dio Green Capitalek udalari

Ataria 2025eko otsailaren 3a

Zizurkilgo Udalak, sareetan zabaldu duenez, enpresak ahoz jakinarazi die udal ordezkariei proiektua behin betiko bertan behera uzteko erabakia. Udalak «positibotzat» jo du parke eolikoaren proiektua etetea.

Green Capital enpresak ahoz jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari Ezkeltzu inguruan egin asmo zuen parke eolikoaren proiektua behin betiko bertan behera uzten duela. Gaur eman du albisteak udalak sare sozialetan.

Espainiako Aire Segurtasuneko Agentziaren (AESA) irizpide teknikoak udalaren esanetan «erabakigarriak» izan dira proiektuaren geldialdia erabakitzeko; aire-segurtasun arazoak sor zitzakeela ondorioztatu zuen agentziak duela zenbait hilabete. «2024ko abenduan jakin genuen Eusko Jaurlaritzak behin-behinean itxitzat eman zuela proiektuari lotutako espedientea, AESAren erantzunik jaso ez zelako. Dena den, horrek ez zuen esan nahi proiektua betiko baztertu zenik, enpresak helegitea aurkezteko aukera baitzuen. Orain, enpresak berak erabaki du egitasmoari behin betiko uko egitea, eta hala jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari», esan du Maite Amenabar alkateak.

Zizurkilgo Udalak «positibotzat» jo du proiektua bertan behera uztea: «Zalantza handiak sortzen baitzizkigun ingurumenari paisaiari eta ondareari eragingo lizkioken kalteengatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!