Zizurkilgo Udalak 3. poligonoko landa-lurren mugak argitu eta beharrezko zuzenketak egiteko proiektua abiatu du. Ekimen honen helburua da lursailen mugak topografikoki zehaztea, GPS koordenatu zehatzak esleituz mugarriei eta mugei.
Azken urteotan, jabeen edo haien oinordekoen ezagutza faltak eta ezjakintasunak mugak nahastea edo desagerraraztea eragin du, eta horrek mendien zaintza eta landa-munduaren kontserbazioa kaltetu ditu. Egoera horren aurrean, Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren diru laguntzarekin, proiektu honi ekin dio.
Guztira, 251 hektareako azalera duten 209 lursail baino gehiago mugatuko dira, topografia-enpresa baten laguntza teknikoarekin. Udalerriko landa-lurraren hedadura zabala dela eta, aurten 3. poligonoko lanak egingo dira, eta hurrengo urteetan gainontzeko poligonoetara zabalduko da proiektua.
Jabeen lankidetza, ezinbestekoa
Lanak behar bezala gauzatzeko, 71 jabe baino gehiagoren kolaborazioa beharrezkoa izango dela nabarmendu du udalak. «Parte hartzea borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Hala ere, neurketa topografikoak egin aurretik mugak garbitzea, mugarriak identifikatzea eta mugakideekin adostasunak lortzea ezinbestekoa da. Auzokideen artean adostasunik ez badago, ezin izango da proiektua gauzatu», aipatu dute udal ordezkariek.
Lanak amaitutakoan, jabeei mugak eta mugarriak jasotzen dituzten planoak emango zaizkie eta, horrez gain, beharrezkoa izanez gero katastroko datuak eguneratuko dituzte.
Dena den, Zizurkilgo 3. poligonoko landa-lursailen jabe guztiek proiektuari buruzko azalpenak jaso ditzaten bi bilera antolatu dituzte otsailaren 11n Iriarte kultur etxean, bata goizez 11:00etan, eta bestea arratsaldez, 17:00etan. Herritarren parte hartzea eta lankidetza eskertu ditu aldez aurretik udalak, «guztion intereseko proiektua izanik».