Zizurkilen dagoeneko prest dute urteroko blues hitzordua: Blues Gaua. Datorren larunbatean, otsailaren 8an, egingo dute eta bi oholtzatan izango dira kontzertuak, batetik, Atxulondo kultur etxean, 19:00etan, eskainiko du kontzertua Noa & The Hell Drinkers taldeak; eta, bestetik, Egarri taberna girotuko du La Blues Campanyk, 23:00etatik aurrera. Duela bederatzi urte sortu zuten
Noa & The Hell Drinkers taldea; eta bluesa eta rock-and-rolla abiapuntu, bertsioekin hasi eta hiru disko argitaratu dituzte orain arte. European Blues Challenge txapelketa ere irabazi zuten 2023an, eta taldearen nondik norakoak aletu ditu Ainhoa Egiguren abeslariak.
Hiru disko argitaratu dituzue, berriena, 'Hell's the new heaven', 2023an. Nolako harrera izan du?
Lehen diskoa bertsioekin osatu genuen; bigarrenean hasi ginen gure abesti propioak sortzen eta abar; eta hirugarren diskoarekin saiatu ginen barruan genuen hori botatzen. Alderdi asko ditu azkenak, betiere bluesa oinarri, baina gospel eta funk kutsuak... Rock-and-rolla ere beti dago hor, gure zainetan ere badaukagu-eta.
Hemendik ateratzean ikusten duzu, baita ere, zein harrera mota duen gure gertuko ingurutik kanpo. Ikusi dugu ez dela gure gertukoen harrera ona bakarrik, kanpoan ere ondo hartu dutela. Egia esan oso harrera polita izaten ari da, eta gustura sentitzen gara disko honekin.
Izatez, hain gustura itzuli gara biratik, berehala hasi garela hurrengo diskoa sortzen eta, dagoeneko, grabatu ditugula hiruzpalau abesti [barrez]; aurten argitaratzeko asmoa dugu, beraz, gustura.
Taldearen nortasuna islatzen duela esan liteke?
Taldearen momentu zehatz bateko nortasuna erakusten du. Beti esaten dugu azken diskoa dela taldearen diskorik propioena [barre txikiarekin]. Gehiago da gure momentuaren erakusle edo adierazle. Orain sortzen ari garen materialarekin, adibidez, gauza bera sentitzen dugu [barrez].
Egia da pixkanaka soinu propio hori azaltzen ari dela, nolabait definitzen ari garela gure berezko soinua. Eta hori identifikagarri egitea ere polita da: «Gure soinua da». Dena dela, hori lortzen saiatzen gara abesti propioetan, baina baita bertsioak egiten ditugunean ere.
Zein gai jorratzen dituzue abestietan?
Askotan bizipen propioetatik abiatzen gara. Taldean nik egiten ditut hitzak, baina horrek ez du esan nahi istorio pertsonalak kontatzen ditudanik. Sortzeko momentuan, askotan, abestiaren titulua etortzen zait lehendabizi, eta hortik abiatuta sortzen dut: melodia batek zerbait iradokitzen dit, titulua bururatzen zait eta hortik hasten naiz istorioa osatzen edo... Pelikula moduko bat sortzen zait buruan eta hori da abiapuntua.
Edozein lekutan izan daiteke: kalean, autobusean... Gertatu izan zait igerilekuan nabilela melodiak bururatzea ere [barrez].
European Blues Challenge txapelketa irabazi zenuten 2023an. Zer esan nahi du zuentzat sari horrek?
Hirugarren aldiz aurkeztu ginen urte horretan hautagai izateko. Txapelketara Poloniara joan ginenean atera ginen, lehenengoz, taldearekin atzerrira. Garestia da, eta ez da erraza taldearekin kanpora ateratzea. Eta izendapenak, hain zuzen, aukera hori eman digu. Saria ere horixe baitzen: zazpi bat kontzertu atzerriko jaialdietan emateko aukera. Eta horrela joan gara Suitzara, Norvegiara, Errumaniara, Poloniara, Alemaniara, Frantziara... Taldea atzerrian ezagutarazteko aukera izan dugu.
Urte eta erdiz errepide eta hegazkin asko izan ditugu, baina oso polita izan da.
Baten batek pentsatuko du garai bateko doinuak direla bluesa eta rock-and-rolla. Ba al dago publikorik?
Nire ustez bai, eta oso bizirik dago. Jaialdi eta kontzertu pila bat antolatzen dira hemen, estilo horien inguruan bakarrik. Egia da musika zahartzat hartzen direla bluesa eta rock-and-rolla, baina gaur egungo hainbat estiloren oinarrian ere badaude. Gaur egungo estilo batzuk oinarri handia dute musika beltzean: bluesean, rock-and-rollean, gospelean, funkean...
Hainbat jaialditan jo izan duzue. Zein funtzio dute horiek zuen jardunean?
Antolatzaileei beti eskertzen diet aukera ematea. Gure lehen aukera Hondarribi Blues jaialdian izan zen, 2018an... Taldea sortu eta urtebetera izan zen, eta beti aipatzen dut jaialdi horrek kokatu gintuela, nolabait, bluesaren mapan; aukera oso polita eman ziguten. Eta jaialdi horiei esker sortu da pixkanaka hemengo zaleen eta ekitaldien sarea. Kontzertuak kanpoan bakarrik ematen badituzu, hemen ez duzu sarerik izango zure kontzertuentzat: ez oholtzarik, ez zalerik.
Jaialdi horiek bertako taldeak sustatzen dituzte, eta aukera ematen digute gure musika ezagutarazteko eta harremana sortzeko hemengo entzuleekin. Azkenean osatu dugu bluesaren eta rock-and-rollaren inguruko familia moduko bat, eta nik —eta taldekideek— harreman asko sortu ditut horri esker. Gainera, kolaboratzeko izan daiteke, baina, azkenean, edozertarako prest dago familia hori. Oso polita da, ez litzateke posible izango jaialdirik gabe. Hemengo musika eszena hori bizirik mantentzeko oso funtzio garrantzitsua egiten dute jaialdiek.
«Oso-oso garrantzitsuak dira, eta beti ditut bihotzean. [...] hemendik muxu handi bat blues eta rock-and-roll jaialdi guztientzat»
Ez da nolanahiko lana.
Ez dakit jendea jabetzen ote den zenbat kostatzen den jaialdi bat antolatzea: kontzertu bakar bat antolatzea zaila bada, pentsa jaialdi bat. Oso lan handia egiten dute. Oso-oso garrantzitsuak dira, eta beti ditut bihotzean. Ezin ditut guztiak aipatu, baten bat ahaztuko baitzait, baina hemendik muxu handi bat blues eta rock-and-roll jaialdi guztientzat.
Zizurkilen izango zarete otsailaren 8an. Nolako emanaldia aurreikusten duzue?
Orain material berria grabatzen hasi gara eta, beraz, Hell's the new heaven biraren amaiera edo izango da. Hortik aurrera hasiko gara bete-betean abesti berri batzuk grabatzen, material berria prestatzen...
Zizurkilen nolabait itxiko dugu azken urte eta erdi polit-polit hori. Gogo handiz gaude, egia esan, aurtengo, 2025eko, lehen kontzertua izango baita. Egia esan, irrikaz gaude oholtzara igotzeko, irrikaz.
Kontzertuak jo dituzue atzerrian zein Euskal Herrian. Nabaritzen al duzue alderik publikoari dagokionez?
Egia esan, bai [barrez]. Baina ez hobeto edo okerrago, baizik eta ezberdin. Atzerrian gertatu izan zaigu kontzertua jo bitartean publikoa hotz sentitzea eta, amaitutakoan, jendea irteeran pilatzea diskoa erosi nahi dutelako eta kontzertua asko gustatu zaiela esateko.
Etxean, berriz, beti uzten dugu aurrealdean —nik deitzen diodan bezala— euskaldunen korrotxoa: halako hutsune bat oholtzaren azpian. Hasieran ez dira hurbiltzen, pixka bat lotsatiagoa edo delako hemen publikoa [barrez]. Baina naturaltasunez eta ilusioz bizi dugu hori ere. Publikoarekin harremana pixkanaka goxatzen duzu eta, azkenean, ondo pasatzeko gogoa baldin badauka, dantzatzeko, abesteko eta abar... Harreman hori sortzen da. Giro polita sortzen da.
Herrialdearen arabera jotzeko orduetan ere nabaritzen duzu ezberdintasuna: batzuetan eguerdiko ordu batean jotzen duzu; eta, beste batzuetan, gauerdian. Asko aldatzen da lekuaren arabera ere: areto itxi batean isiltasun handiagoa dago eta intimoagoa da; eta kanpoan jotzen duzunean publikoa gertukoagoa da eta gehiago abesten du... Giro ezberdina sortzen da herrialdearen eta jotzeko lekuaren arabera.
Nolako bilakaera izan du taldeak urte hauetan?
Lehen entseguekin hasi ginen 2016an, eta kontzertuekin, berriz, 2017 erdialdean. Ni, hasieran, askoz lotsatiagoa nintzen, zozoagoa edo nolabait [barrez]. Eta hortik pixkanaka aritu naiz eszenatokiko nire izaera bilatzen. Oso eskertuta nago, blues talde honek eman baitit eszenatokian erosoago egoteko konfiantza eta baita abestiak sortzeko erosotasuna ere.
Taldeari dagokionez, berriz, lagunartean bluesa egiten hasi nahi genuen, jotzen eta abar; eta abestiak sortzeko grina sartu zitzaigun. Uste dut bilakaera oso positiboa izan duela taldeak alde horretatik, hasieran ez genuelako pentsatzen abestiak sortzea eta, begira, orain ez zaigu burutik ere pasatzen bertsioak bakarrik egitea. Indarraldi hori sentitzen dugu: abestiak sortzeko eta gustatzen zaiguna egiteko konfiantza.
Bestalde, gure bereizgarria dira, nire ustez, zuzenekoak; hor ezagutzen da, benetan, gure soinua. Lortu dugu taldea sendotzea; pixka bat hemendik ateratzeak eta blues jaialdi ezberdinetan jotzeak eman digu heldutasun moduko bat talde bezala. Kontzerturik izan edo ez, lortu dugu talde bat, zeina beti elkartzen den, eta uneoro ari gara zer edo zer egiten.
Proiektu berria aipatu duzu lehen. Zerbait aurreratzerik bai?
Badakit beti gauza bera esaten dugula, baina [barrez] pixka bat denetik izango du. Ez dugu propio bilatu, horrela atera zaigu. Aurreratuko dizut bizpahiru kanta dagoeneko grabatuta ditugula: bat klasikoagoa; beste bat rock kutsu handiagoarekin; rockabilly bat ere badago... Jolastu dugu 50. eta 60. hamarkadetako soinuekin, eta badago dantzatzeko beste abesti bat ere. Gainera, oraindik ideia pila bat ditugu erdibidean, eta horiek borobiltzeko gogoz gaude.