Elkarrizketa

«Nahiko aske sentitu naiz sortze eta ekoizpen prozesuan»

Jon Miranda Labaien 2025ko urt. 15a, 11:59

Esti Markezek ostiralean ‘atenporal’ lan luzea aurkeztuko du Zizurkilen 19:30etik aurrera. Bederatzi kantuz osatutako diskoan orain arte arakatu gabeko estiloetara egin du salto musikari aiarrak.

Etxetik gertu tokatu arren Esti Markezek (Aia, 1999) behin ere ez du emanaldirik eskaini Zizurkilen. Horregatik gogoz dago bere azkeneko lana, atenporal (2024), Atxulondo kultur etxean aurkezteko. Bere onena eta kontzertu «alai» bat ematera dator Tolosaldera.

‘Hitzekin jolasean’ (2022) lehen diskoa kaleratu ondoren zein ibilbide egin duzu musika munduan?

Ibilbide oparoa. Balorazio ona egiten dut aurreko diskoaz. Bakarka lan bat ateratzen duzunean beldur batzuk izaten dituzu, eta baita intseguritateak ere. Nik aurretik Azalberritzen (2020)  diskoa atera nuen aitarekin eta nire bost kantu bildu genituen bertan. Gustura aritu nintzen, baino kontu bat da aitaren babesean diskoa ateratzea eta, bestea, oso ezberdina, zuk bakarrik lan bat aurkeztea. Apustua izan zen, eta esan dezaket ondo atera zitzaidala. Oso kontentu nago izan zuen harrerarekin.

Urrian ‘atenporal’ (2024) atera zenuen. Ezberdin kokatzen zara lan berriaren aurrean?

Ezberdina da, bai. Konfirmazio bat bezala ikusten dut. Aurrekoa atera nuen, ondo joan zitzaidan eta, orain, bigarren honekin naizen hori erakustera nator.

Nolakoa izaten da zure sortze prozesua? Nondik eta nola sortu dituzu kantuak?

Normalean, sortzen ditudan kantuak gertatu zaidan zerbaiti lotutakoak izaten dira. Nire ingurukoei edo gizartean ikusten ditudanei ere erreparatzen diet eta gehienean errealitate bat islatzen du kantuetako bakoitzak.

Zergatik ‘atenporal’ izenburua diskoarentzat?

2018an amona hil zitzaidan eta orduan ez ninduen hain gogor erasan doluak. Hiruzpalau urte pasata, ordea, oso barruan sentitzen nuen galera, justu, orduantxe pasa izan balitz bezala. Inoiz pentsatu ez nuen gauza bat etorri zitzaidan burura: heriotza atenporala izan daitekeela. Horri lotuta denboraren erlatibotasunari buruz hausnartzen hasi nintzen, hasierei eta bukaerei buruz eta, azkenean, kantu sorta hau atera zitzaidan.

Zergatik idazten dituzu diskoaren izenburua eta kantuen tituluak hizki xehez?

Gustatzen zaizkidalako letrak hizki xehez ematea, iruditzen zait intimoagoa geratzen dela. Lehenengo hizkia handian agertzeak halako nagusitasun bat ematen dio hitzari eta kantuak txikitasun batetik idatzitakoak direnez erabaki nuen hitz guztiak berdin eta hizki xehez idatzita agertzea.

Saiatu zara zure kantuetan estilo ezberdinak lantzen. Zergatik?

Ez dudalako musika estilo bakarra entzuten eta kantuak sortzerakoan ere entzuten dudan hori islatu nahi izan dudalako. Lehenengo diskoan pop estiloan geratu nintzen gehienbat eta, honetan, horrelako abestiak badauden arren, beste gauza batzuk probatu nahi izan ditut. Ukitu elektronikoa dutenak daude, folk estilora jotzen dutenak, kantu lasaiagoak… Denetarik gustatzen zait eta gustatzen zaidan hori egin dut musikari gisa, hori ere banaiz. Nahiko aske sentitu naiz sortze eta ekoizpen prozesuan.

Kantuetan kolaborazio batzuk ere izan dituzu.

Bai. Nahiko garbi neukan abesti bakoitzean zein egotea nahi nuen. Adibidez, minak izeneko kantu horretan rumba egin nahi nuenez, Sonakayrengana jo nuen, banekielako musika estilo hori menderatzen dutela. Bestalde, ondoan ez izatea kantua nahiko abesti nostalgikoa denez, Esanezin taldeko Ianire Aranzaberengan pentsatu nuen; bere ahotsak badu ukitu nostalgiko hori eta erabat aproposa iruditu zitzaidan kanturako. Proposatu nion eta baiezkoa eman zidan. Uste dut oso polita geratu dela.

Kantautore gisa definitzen duzu zeure burua?

Bai, guztiz. Nik abesti guztiak nahiko antzeko sortzen ditut eta gero ekoizpenean dago lana. Nik gitarrarekin jota, minak kantuak ez dirudi rumba bat denik. Gerora bihurtu da horretan.

Ekoizpenean zeinek lagundu zaitu?

Nire bi taldekideek lagundu didate: Josu Erbitik eta Iker Laurobak. Kantu batzuk Iruñean landu ditugu eta beste batzuk Donostian. Konfiantza handia dut biekin eta errazagoa egiten da guztia modu horretara. Ondo ezagutzen naute eta ondo ulertzen dute biek ere, zer nahi dudan edo zer ez dudan nahi kantuetako bakoitzean.

Grabazio lanak non egin dituzu?

Ia kantu guztiak Donostian grabatu ditugu eta, bakarren bat, Iruñeko estudioan. Epe nahiko luzean sortu dugu diskoa, ez baitzat gustatzen astebetez estudioan sartu eta guztia segidan grabatzea, ikaragarrizko presioa iruditzen zait hori. Libreago aritzea gustatzen zait eta, esango nuke, bospasei hilabetetan ondu dugula disko osoa.

Publiko jakin bat izan duzu buruan kantuak sortzerakoan?

Ez. Esango nuke nire publikoan denetarik dagoela. Ez nuke profil jakin bat esaten asmatuko, ez adin tarteari begiratuta ezta generoari begiratuta ere. Askotan umeak etortzen dira gure emanaldietara eta oso publiko jatorra iruditzen da, oso txintxo egoten dira entzuten, ilusio handia egiten dik horrek. Gurasoak ere etortzen dira haiekin, gazteak ere bai… Gustuko dut askotariko jendea egotea publikoan. Etortzen dena etortzen dela, oso eskertuta egoten naiz beti.

Nolako zuzenekoak izaten dira zureak?

Normalean nire zuzenekoak alaiak izaten dira, ni ere banaizelako nahiko alaia. Uste dut etortzen den jendeak, nahi gabe ere, egiten duela barre. Zizurkilen ere ondo pasako dute, seguru.

Kontzertuetan zein taldekide izaten dituzu alboan?

Zizurkilen formatu akustikoan arituko gara. Bost taldekide gara, baina hiru agertuko gara oholtza gainean: Iker Lauroba, Maria Antunez eta ni. Talde osoa joaten garenean, Josu Erbiti eta Danae Riaño gehitzen zaizkigu.

Nahiago areto txikiak zure emanaldietarako?

Edozein lekutan jo dezaket baina oso politak dira niretzat horrelako areto txikiak, kultur etxetakoak. Aretoak betetzea ez da erraza eta toki handi bat erdi hutsik hotz geratu daiteke. Horregatik Atxulondo kultur etxea bezalako aretoak egokiak iruditzen zaizkit; oso pozik jotzen dut horrelakoetan.

Zein asmo dituzu aurrera begira?

Orain arte diskoa aurkezten Aian eta Andoainen aritu naiz eta, hurrengo hilabeteetan, Maruri-Jataben eta Bilbon ibiliko naiz. Badatoz kontzertu gehiago eta gogoz nago nire lana aurkezteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!