ELKARRIZKETA

«Gauza txikiak egiten banekien eta probatu nahi nituen gauza handiagoak»

Jon Miranda Labaien 2025ko urt. 18a, 07:58

Hodei Arrastoa Pello Reparazekin batera, 'Mitoaroa'-ren prestaketan. ATARIA

Mitoaroa ikuskizunean showcaller bezala aritu da Hodei Arrastoa aktore eta sortzaile zizurkildarra. Erronka handia izan da berarentzat baina oso gustura dago egindako lanarekin.

Zetak taldeak prestatutako Mitoaroa emanaldian showcaller bezala aritzeak energia asko eskatu diola aitortu du Hodei Arrastoak (Zizurkil, 1995). Presiopean lan egitera ohituta dago eta erronkari ongi eutsi diola deritzo.

Nola definituko zenuke 'showcaller' lana?

Ni neroni ere begira aritu nintzen zehazki zer den jakiteko. Mitoaroa taularatzeaz arduratu nintzen, guztia koordinatzeaz; nire ardura zen uneoro oholtzan gertatzen zena aurretik pentsatu bezala gauzatzea. Ez nintzen bakarrik aritu, errejidore taldean Doltza, Katrin, Urki, Bruna, Gaizka eta Xafan aritu ziren nirekin batera. Nik buru lanak egin nituen. Kuriositate bezala esango dut, nik eman niola hasiera emanaldiari. Talde guztiak prest zeudela konprobatu, eta haien oniritzia jaso ondoren, atzera kontaketa egin eta nik eman nuen ikuskizuna hasteko agindua.

Errejidore buru izanik asko agintzea tokatu zaizu?

Ez gehiegi, esango nuke nahikoa horizontala izan dela funtzionamendua. Tentsio handiko momentuak izaten dira horrelakoak eta, akaso, kontrakoa ohikoagoa den arren, oso giro ona sumatu dut okasio honetan. Ez dut haserrealdirik ikusi parte hartzaileen artean eta, harrigarria bada ere, Zetak-ekoak ikaragarri lasai sumatu nituen. 

Zenbat pertsonek hartu dute parte 'Mitoaroa'-n?

Zaila da kalkulatzen. Jaietako pertsonaiak, dantza taldetakoak kontuan hartuta, 200 lagun inguru izango ziren gutxi gorabehera. Esan beharra daukat, nik ez dudala ikuskizunerako produkzio lana egin. Niri dagoeneko osatua etorri zitzaidan Mitoaroako eskaleta; hasieran Isa del Moralek itxuratu zuen eta nik horren gainean egin nuen lan ondoren.

Nolako aurreprestaketa egin duzu?

Abendu hasieran hasi nintzen proiektuarekin lanean, estu samar joan da guztia. Eskaleta jaso eta entseguetara joan aurretik aurrelanketa handia egin nuen etxean. Ongi barneratu nahi nuen emanaldiaren egitura eta aurreneko lana izan zen Mitoaroako playlista deskargatu eta, behin eta berriz, ordenean entzutea. Ondo aztertu nahi nituen hitz guztiak. Behin egitura barruan nuela, lotura guztiak egiten hasi nintzen. Entseguak beranduago egin genituen, abendua bukaeran, eta hor ere ikuskizunari ñabardurak gehitzen joan zitzaizkion.

Aldaketa asko egin al dituzue azkeneko momentuan?

Bai. Ikuskizun bizi bat izan da Mitoaroa eta, hasieratik bukaerara, gauzak asko aldatu dira. Pentsa, emanaldia hasi baino ordu laurden lehenago inprimatu genuen eskaletaren azkeneko bertsioa. Ostiraleko emanalditik larunbatekora ere gauzak aldatu ziren. Niri, aktore bezala, erreparoa eman izan dit nire ikuskizunetan horrelako aldaketak txertatzea, atzetik datorrenari aurretik ikusi duenaren berdina eskaini behar zaiola pentsatzen dudalako, baina Mitoaroaren kasuan uste dut merezi duela, irakaspen hori ere eraman dut.

Zein abilidade behar ditu lan honetan aritzen denak?

Uste dut tentsio handiko momentuetan lasaitasuna mantentzen jakin behar dela horrelako lanetan. Nik neure buruarengan, oro har, badut konfiantza eta horrek lagundu dit lan honetan. Gainera, txikitatik ikasi izan ditut musika eta dantza, eta pentsatzen dut lengoaia horiek kontrolatzeak abantaila eman didala. Argi samar nuen kantuaren zein unetan pasatu behar zuen gauza bakoitzak. 

Aurreneko aldia zen lan hau egiten zenuena?

Bai, horrelako emanaldi handi batean bai. Ni aktorea naiz, baina ez dut nire jarduna egiteko bakarrera mugatzen. Gustatzen zait abanikoa zabaltzea eta proiektu ezberdinak probatzea. Antzeko zereginetan aritu nintzen Kepa Errastirekin batera, aurten, Besarkada Sarien galan. 20 urte bete ditu Euskal Aktoreen Batasunaren ekitaldiak eta zuzendari bezala aritu ginen biak. Oso esperientzia interesgarria izan zen. Mitoaroakoa, ordea, askoz tamaina handiagokoa izan da. Proiektu txikietan aritu naiz orain arte, nik neuk moldatu izan ditudanetan; eta banuen gogoa proiektu erraldoi batean aritu eta neure burua probatzeko dimentsio handiagoetan. 

«Gustatzen zait abanikoa zabaltzea eta proiektu ezberdinak probatzea»

Behin horrelako makro-emanaldi baten atzean dauden tripak ezagutu dituzu. Espero zenuena izan da?

Ez dakit, zehatz, zer espero nuen, baina egia da horrelako emanaldi erraldoi bat exijentzia handikoa dela. Jende askok hartu zuen parte Mitoaroan eta denak behar zen momentuan oholtzaratu zitezen ondo neurtu behar zen guztia. Aldi berean, parte hartzaile guztien beharrak ere entzun behar izan genituen. Jendearekin tratatzeko gaitasuna edukitzea da showcaller lan honek eskatzen duen beste abilidade bat. Niretzat oso esperientzia aberatsa izan da.

Eta erronka handia?

Bai, izugarria. Nagusiki pertsonala. Galdetzen nion neure buruari ea gai izango ote nintzen hori guztia egiteko. Zorionez ondo atera zen dena. Emanaldia aurrera zihoan heinean, niri ere malkoak ateratzen zitzaizkidan: oholtza gainean ikusten nuenak hunkitzen ninduen baina guztia behar bezala aurrera zihoala ikusteak zekarkidan pozak ere negarra eragiten zidan. Benetako arrastoa utzi didan esperientzia izan da niretzat.

 

«Emanaldia aurrera zihoan heinean niri ere malkoak ateratzen zitzaizkidan»

 

Zergatik uste duzu izan duela hainbesteko arrakasta 'Mitoaroa'-k?

Uste dut euskaldunok badugula gure kulturarekiko joera eta ikuskizunean agertzen ziren ohitura horiek erakarri zutela jendea. Euskal herritarrok badugu horrelako emanaldi handien beharra, non katarsi moduko bat gertatzen den. Gainera, berritzailea izan dela esango nuke. Egin izan dira kontzertu handiak, baina Mitoaroa zerbait gehiago zen. Dramaturgia bat bazuen emanaldiak, zentzu bat, eta aktore izanik, horrek ere erakarri ninduen proiektura.

Zuri aurretik gustatzen zitzaizun Zetak taldea?

Bai. Berez, Mitoaroarako sarrerak erosita neuzkan bertan lanean arituko nintzela jakin aurretik. ZEID festibalean ere egona naiz pare bat alditan eta ezagunak nituen taldearen kantuak; batzuk oso onak iruditzen zaizkit. Esango nuke Zetak-ek asmatu duela tradizioak garai berrietara egokitzen; gure festetako pertsonaia tradizionalak eta Iphone bat uztargarriak direla frogatu dute. Munduan horrelako ikuskizun erraldoietarako joera badago, zergatik ez hemen, Euskal Herrian?

Zer moduzko harremana izan duzu Zetak-ekoekin?

Oso ona. Gehienbat Ibanekin izan dut harremana, nik hari ematen niolako pasoa emanaldiaren hasieran. Gainerako guztiekin ere oso giro ona izan dut, baita Pello Reparazekin ere. Bada zerbait harekin identifikatzen nauena. Iruditzen zait sinesten duela egiten duen lanean eta ez duela horretarako baimenik eskatzen, ez da begira egoten jendeak zer esango duen. Ingelesezko unapologetic hitza etortzen zait gogora Reparaz definitzeko. Determinazio hori oso gustuko dut, neurri batean, ni ere antzerakoa naizelako. 

Errepikatuko zenuke 'showcaller' bezala beste emanaldiren batean?

'Mitoaroa' prestatzeko Hodei Arrastoak eskaleta landu zuen etxean, eta ordenan jarri zuen etxeko paretan. H.A.

Bai, zergatik ez. Abanikoa zabalik edukitzea gustatzen zait. Badakit Zetak-ek irailerako beste hiru emanaldi iragarri dituela. Oraindik ez dut haiekin hitz egin saio horien inguruan baina, hala ere, zail izango dut parte hartzea, egun horietan beste konpromiso bat dudalako. Hala eta guztiz ere, etorkizunean ez dut baztertzen horrelako lan batean aritzea. Egia esan, berriki jaso dut Thierry Biscaryren deia, eta harekin zerbait egitekotan naiz. Ikusiko dugu.

Bestela zeintzuk dira zure proiektuak epe motzera?

Orain Garazi Urkolarekin batera sortu dudan Enkantea podcasta promozionatzen ariko naiz, eta aurrera begira, baditut beste asmo batzuk. Egia esan ez nago kexatzeko moduan, niretzako 2024. urtea oso oparoa izan da. Pare bat pelikula grabatu ditut, podcasta egin, ekainean nire audiogidarekin herriz herri aritu naiz, Bartzelonan ere jardun dut... Ezer faltatzekotan, atsedena hartzeko denbora falta izan zait. Podcasta bukatuta, hurrengo asteetarako ez dut proiektu zehatzik, baina dena den, badakit alde batetik ez bada, bestetik sortuko zaidala zerbait. Ez naiz ni geldi egotekoa eta proiektuak etortzen ez bazaizkit nik sortuko ditut, bakarrik edo inguruan ditudan sortzaileekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!