'Ombuaren itzala' aurrestreinatuko dute Zizurkilen

Ataria 2024ko azaroaren 22a

Gonbidatuentzako emanaldia izango da azaroaren 30ean, Zizurkilgo Herriguneko San Millan elizan, 18:30etik aurrera.

Eguzki Artek auzolanean ekoitzi duen Ombuaren itzala filmaren aurrestreinaldia egingo dute Zizurkilgo Herriguneko San Millan elizan, azaroaren 30ean, 18:30ean. Urteotan proiektua babestu dutenen aurrean aurkeztuko dute filma eta bertan izango da pelikulako lantaldea, Patxi Bisquert buru dela.

Pello Mari Otaño herritarraren bizialdia jasotzen du filmak eta Euskal Herria eta Argentina artean filmatu dute. Herrigunean egingo duten aurrestreinaldiaren ostean, Villabonako Gurean proiektatuko dute Ombuaren itzala, abenduaren 6an, 7an, 8an eta 9an. Auzolan proiektua babesteko sarrera erosita daukatenek doan sartu ahal izango dute antzokian eta, gainerakoek, 4 euroan erosi ahal izango dute txartela.

Hika txakolindegian ere aurkeztuko dute filma abenduaren 12an eta, handik aurrera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!