Harri Handien Gipuzkoako finala jokatuko da Zizurkilen

Ataria 2024ko azaroaren 6a

Xabier Aranburu, iazko txapelketan.

Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da larunbat honetan, Zizurkilen. Sei harri jasotzailek parte hartuko dute Intxaur pilotalekuan egingo den saioan, 18:00etan hasita.

Xabier Aranburu, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Gari Garmendia, Imanol Royo eta Jon Unanue izango dira larunbatean Zizurkilen, Harri Handien Gipuzkoako Txapelketan. Sarrera doan izango da.

Lau harrirekin aritu beharko dute harri jasotzaileek: 200/175 kiloko laukizuzena, 200/175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri bakoitzarekin 2 minutuko saio bana egingo dute kirolariek. Guztira kilo gehien jasotzen duenak irabaziko du txapela.

Pasa den urtean lesio baten erruz finala galdu ostean, berriz ere txapelaren lehian izango da Jokin Eizmendi zarauztarra. Euskal Herriko txapela bost aldiz jantzi duen harri jasotzailea izango da Gipuzkoako Txapelketa irabazteko hautagai nagusia, baina iaz txapeldun izan zen Xabier Aranburu idiazabaldarrak ez dizkio gauzak erraz jarriko. Finalean izango den bigarren idiazabaldarra, Gari Garmendia, pasaden urteko bigarren postua hobetzen ahaleginduko da. Aimar Galarraga oriotarra eta Jon Unanue azkoitiarrak ere urtero txapelaren borrokan ibiltzen diren harri jasotzaileak dira, eta ezustekoa ematen ahaleginduko dira Intxaur pilotalekuan. Seikoteko finalista gazteena, Imanol Royo zarauztarra izango da 20 urterekin, eta oso lehia ederra izatea espero da larunbat arratsaldean Zizurkilen.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!