Zizurkil eta Villabonako Denok Danena Halterofilia Taldeak legealdiak daramatza euren egoera salatzen. Olaederra kiroldegiko sotoan dute entrenamendu lekua, zuloa deitzen dieten gelatxoan, baldintza penagarrietan. Konponbidea lortzeko helburuarekin, atzo, urrats berri bat eman zuten. Batis Kortajarena taldeko kide historikoak honela azaldu zuen bilkuran: «Erantzun bat nahi dugu, eta horretarako etorri gara. Aktan jasota geratzea nahi dugu. Promesak eta hitzak galdu egiten dira, eta gutxienez, hemen esaten dena idatzirik geratzea nahi dugu».
Denok Danenako kideek txiki utzi zuten bilkura aretoa. Udalbatzako ordezkariekin batera, halterofilia taldeak egindako bideo bat ikusi zuten, hasieran. Kortajarenak egin zuen aurkezpena: «Gure egoera denei azaldu nahi diegu. Horretarako egin dugu bideo hau. Gero erantzun bat eman beharko duzue. Halterofiliarako gimnasio bat behar dugula eskatuz urteak goaz. 34 urtetako lanak ez du erantzunik eduki. Erabakia hartu behar da. Ea herria mugitzen den eta zerbait lortzen dugu, behar bezala lan egiteko. Ez bada horrela, beste leku batera joango gara. Penagarria izango litzake halterofilia Zizurkildik ateratzea. Hori gerta ez dadin ari gara lanean».
Udalbatzako alderdien erantzunak
Maite Amenabar (EH Bildu) alkateak, udalaren konpromisoa zein zen azaldu zuen: «Legealdi honen hasieran Batisekin eta taldeko beste hainbat kiderekin elkartu ginen. Konpromiso bat hartu genuen beraiekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan zigun 2025eko ekainean diru laguntza lerro bat irekiko zela, eta gure helburua, proiektu hau bertan aurkeztea da. Partida hori hor dago, eta proiektua lantzen ari gara. Eremua badaukagu, udalaren jabetzan dagoena. Baina bideoan aipatzen den bezala, ez da ahaztu behar 3.000 biztanleko herri bat garela. Gure baliabide ekonomikoak dauzkagu, eta horren baitan izango da erantzuna». Amenabarren esanetan, diru laguntzak lortu ezean, espazio berri bat sortzea oso zaila izango da: «Gure helburua ekaineko diru laguntza horietara aurkeztea da, eta diru laguntzak baldin badaude, gu prest gaude, udal bezala, espazio berri hori sortu eta eraikitzeko». Ondoren, udalbatzako beste alderdien ordezkariei eman zien hitza Zizurkilgo alkateak.
Maria Jesus Zelaia EAJko kideak, laguntzeko prest zeudela esan zuen: «Jakitun ginen arazoekin zeundetela, eta uste dugu arrazoi duzuela. Lekua ez da egokia, eta arazo ugari dituzue. Horretan ados gaude. Egia da udal txiki bat dela gurea, sarrera txikiak dituena. Udal gobernuak gehiengoa dauka, eta gure laguntza behar badu, gu prest gaude laguntzeko. Baina gehiengoa beraiena da. Ahal duguna egingo dugu laguntzeko, baina erabakia eurena da».
Maite Amenabar alkateak, hori horrela izanik, diru laguntza lerroak udalarenak baina foru aldundiarenak zirela gogoratu zion Zelaiari, eta hor, «indarra zuek duzue». Zelaiak hori onartu eta aurrez esandakoa berretsi zuen: «Horregatik esan dut ahal dugun heinean lagunduko dugula; gu prest gaude laguntzeko».
Udalbatzako hirugarren alderdiaren ordezkariak, Joxean Sanchezek (PSE-EE), lehen eta orain, euren esku dagoen guztia egiteko prest daudela iragarri zuen: «Alderdi Sozialistatik argi daukagu Denok Danenak espazio berria behar duela. Aurrez proposamenak egin izan ditugu bide horretan. Edozein lekutan gure esku dagoena egiteko prest gaude. Zuen alboan egongo gara, foru aldundian edo behar den lekuan. Lehen ere gure babesa azaldu dizuegu. Gobernu taldetik inbertsioren bat egin behar baldin bada, gu laguntzeko hor egongo gara».
«Zizurkilen izugarrizko altxorra daukazue»
Une honetan, Eki Lizaso da Denok Danenako pultsulari izarra. Nazioarte mailan lehiatzen da donostiarra. Bere aita atzoko bilkuran izan zen, bere ikuspegia azaltzeko: «Aita bezala hitz egin nahiko nuke. Gu ez gara hemengoak, donostiarrak gara. Batzuetan, ordea, herrian duguna ez dugu baloratzen, eta kanpotik esan behar izaten digute. Egia da herri txikia zaretela, baina Danena gauza handia da, benetan. Semeak halterofilian hasi nahi zuela esan zigunean, ezetz esan genion. Aurreiritzi batzuk genituen, baina Danena ez genuen ezagutzen». Lizasoren esanetan, hor aldatu zen dena: «Kirol emaitza ikusgarriak ditu Denok Danenak, baina Danena hori baino askoz gehiago da. Gaur egun halterofilia tresna ezin hobea da zuek bilatzen ari zareten hainbat helburu lortzeko. Bilkura honetan, adibidez, denok ados jarri zarete berdintasunaren aldeko aldarrikapenean. Halterofilian, gaur egun, txapelketan neska gehiago daude mutilak baino. Halterofilia eta Danena gizarteratzeko tresna ezin hobea da. Hemen etorkinen seme-alaba ugari daude, euskal giro batean kirola egiten. Ezgaitasun kasuak daude. Guzti hori da Danena. Ez da kirol proiektu bat bakarrik, gizarte proiektu bat da. Eta zuek, herrian duzue. Mesedez, balioa eman, izugarrizko altxorra daukazue; izugarrizkoa. Guk Donostian, hiriburuan, aurkitu ez genuena daukazue. Ez utzi herritik joaten, galduko duzuena handia baita».
Maite Amenabar alkateak euren konpromisoa berretsi zuen hitz horien ondoren, diru laguntzak lortzeko borrokatuko zutela esanaz eta liburutegia ere horrela lortu zutela gogoratuz.
Lourdes Sarasuak, taldeko beste kide garrantzitsu batek, azken urteetan bizitakoaren ondoren, konpromisoak sinistea kosta egiten zaiola arrazoitu zuen: «Sinistu nahi dut, baina ez dakit. Legealdi hasieran ere gauza bera esan zeniguten, baina hortik aurrera ez dugu erantzunik jaso. Diru partida bat dagoela diozue, nik ez dakit. Hemen kontua da kanpotik eskakizun asko jasotzen ari garela, eta ezezkoa esaten diegula, lekurik ez daukagulako. Sinistu nahi dut, baina ez daukat inongo konfiantzarik». Zulo horretan entrenatzeko, gaztetxoek kiroldegira sartzeko hilean 24 euro ordaindu behar dituztela ere salatu zuen Sarasuak.
Ekaitz Kortajarena pultsulariak eta entrenatzaileak ildo beretik jarraitu zuen: «Azkenean ematen du haserre gatozela hona, baina izugarrizko arrazoiak ditugu horretarako. Mila aldiz jarri diguzue goxokia ahoan, eta beti dena ezerezean geratzen da. Otañoko egoitzarekin berdina gertatu zen. Atezainak erretiroa hartzen zuenean lokala izango genuela esan zeniguten, eta zain eta zain egon ginen. Erretiroa hartu zuen eta zer gertatu zen? Hurrengorako, gutxienez, ezer lotu gabe ez eman esperantzarik».
Amaitzeko, Batis Kortajarenak borrokan jarraituko dutela azpimarratu zuen: «Guk gurean jarraituko dugu, zarata ateratzen. Hurrengoan, kalean eta pankartarekin izango da. Borrokan jarraituko dugu».