Hondakinen tasak aldatuko dituzte Zizurkilen

Ataria 2024ko urriaren 29a

Udalak bando batean jakinarazi duenez, %47ko igoera izango du hondakinen tasak 2025ean. Hobariak izango dituzte auzo-konposta edota auto-konposta egiten dutenek.

Europar Batasunako araudiaren arabera, 2025etik aurrera, hondakinen bilketak ezin du defizitarioa izan udalentzat. Hori dela eta, Zizurkilgo Udalak ez ohiko igoera aplikatuko du hondakinen tasan datorren urtean. %47 garestituko da. Hondakinen tasa orokorra, beraz, 45 eurokoa izango da hiru hilean behin –lehen 30,5 euro ziren–. Bando batean eman du horren berri udalak.

«Tasa eguneratzeko erabakia sakon aztertu eta kalkulatu da zerbitzuaren beharrezko kostuak estaltzeko, karga gehigarririk ezarri gabe», azaldu du Maite Amenabar alkateak.

Udalak gogorarazi du auzo-konposta egiten dutenentzat tasa urtean 135 eurokoa izango dela –hiru kuota baino ez dituzte ordainduko urtean–, eta norbere etxean auto-konposta egiten dutenei urtean bi kuota baino ez zaizkiela kobratuko: 90 euro urtean. Bestalde, hondakinak behar bezala bereizten ez dituenak hiru hileko ordainagirian tasa orokorraren bikoitza –90 euro– ordaindu beharko duela ohartarazi du udalak.

Amenabarrek nabarmendu duenez, «familia jasangarrientzat aurrezpen ekonomikoa nabarmena da». Izan ere, birziklatzen ez dutenek urtean 180 euro gehiago ordaindu beharko dute. «Hondakinak ez bereizteak kostu gehigarria dakar, eta kostu hori bere gain hartu beharko dute behar bezala birziklatzen ez duten herritarrek. Tasaren bereizketa honekin, Zizurkilgo Udalak hondakinak modu egokian kudeatzen dituzten familiak saritzea eta birziklapena sustatzea du helburu, herritar guztientzako bidezkoagoa izango den sistema bermatzeaz gain», adierazi du alkateak.

Tasaren murrizketa horiek jasotzeko udalak jarraipen zorrotza egingo du, eta murrizketak azken ordainagirietan aplikatuko zaizkie dagokien herritarrei.

Gaur egun, %71ko birziklapen tasa du Zizurkilek eta hori hobetzea du erronka. «Gure nahia eta xedea da herritar guztiek modu arduratsuan birziklatzea, eta zizurkildar guztien lankidetza eta ahaleginarekin lortuko dugu etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egitea. Orain arte bezala, udaletik pedagogia egiten jarraituko dugu eta informazioa herritar guztiengana irits dadin ahaleginduko gara. Horretarako, herrian bizi dugun hizkuntza- aniztasuna kontuan hartuta, hainbat hizkuntzatan egingo dira komunikazioak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!