Azken Portu auzoko urbanizazio lanak berrabiarazi dituzte

Ataria 2024ko urriaren 29a

Argiteria berria jartzen ari dira, biribilguneko irlatxoak margotu eta palmondoak kimatu dituzte. Udalaren eskaerari jarraituz, eraikuntza enpresak egingo ditu lan hauek urtea amaitu aurretik.

Azken Portu auzoko urbanizazioa behar bezala amaitzeko obrak berrekin ditu eraikuntza enpresak, Zizurkilgo Udalak eremuak kalitate estandar guztiak bete ditzan hainbat esku-hartze eskatu ondoren. Honenbestez, uda aurretik ur zikinak bideratzeko lanak egin zituzten eta, orain, argiteria gehiago instalatzen ari dira, auzoko kaleak zein parkea hobeto argiztatzeko. Biribilgunea eta irlatxoak gorriz margotu dituzte, eta errotonda erdian bi foku jarri dituzte errepide ingurua seguruago egiteko. Horrekin batera, palmondoak kimatzen ari dira eremua atseginagoa bihurtzeko. Udalak haur parkea berritzea ere eskatu dio eraikuntza enpresari, haurrek gune moderno eta seguru bat izan dezaten.

«Azken urteotan, udalak eraikuntza enpresari behin eta berriz adierazi dio urbanizazioak kalitate-estandarrak bete behar dituela, auzokideei ingurune segurua eta atsegina bermatzeko, baina ez gara mugatu eskakizun horiek egitera soilik. Udalak isunak ere jarri dizkio enpresari urteetako atzerapenengatik», azaldu du Maite Amenabar alkateak. «Oso pozik gaude Azken Portuko urbanizazioa, azkenean, amaitzear delako. Udalaren lanak fruituak eman ditu. Eraikuntza enpresari obrak amaitzea exijitzeaz gain, etengabe ari gara zaintzen kalitate-estandarrak betetzen direla, gure lehentasun nagusia auzokideen segurtasuna eta ongizatea baita».

Lanak urtea amaitu aurretik bukatzea aurreikusten dute. Behin obrak eginda, urbanizazioa ofizialki entregatuko zaio Zizurkilgo Udalari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!