Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak eta Herribizigune kooperatibak hitzaldia antolatu dute gaur Atxulondo kultur etxean. Alvaro Campos EHUko ikertzaile eta irakaslea eta lurraldearen defentsarako hainbat plataformako kidea arituko da hizketan. Sare elektrikoak eta lurraldea: sistema energetikoa eztabaidagai izenburua eramango du hitzaldiak eta 19:00etan abiatuko da.
Antzerako kezkak konpartitzen dituzte antolatzaileek: Herribizigune kooperatibak osasuna eta jasangarritasuna ditu oinarri; Zizurkilgo Udalak, bere aldetik, Tokiko Energia Komunitateak eratzeko bidean lehenengo urratsak emanak ditu; eta Andatza-Ezkeltzu bizirik plataformak, berriz, auzitan jartzen du Zizurkil eta Usurbil artean eraiki nahi duten zentral eolikoaren proiektua.
Gai hauen inguruan hausnartzeko aukera izango da gaurko saioan, eta bide batez, hitzaldiaren bultzatzaileek Zizurkilgo Azoka Berezian herritarren artean banatutako galdetegiaren emaitzak partekatuko dituzte. Besteak beste, euren kontsumoaren inguruko pertzepzioaz galdetu eta Ezkeltzuko parke eolikoaren inguruan duten iritzia arrazoitzeko eskatu zitzaien herritarrei. Gaur, jasotako iritziak trukatu ahal izango dituzte elkarren artean.