Biala Orain plataformak duela bost urte abiatu zuen bere ibilbidea. Eten baten ondoren, mugimendua uda aurretik berreskuratu zuten eta, udazkenarekin batera, mobilizazio berriak iragarri dituzte. Hemendik aurrera, maiztasun handiagoarekin egingo dituzte elkarretaratzeak. Lehendabizikoa, atzo egin zuten, Joxe Arregi plazan. Hamarnaka herritar bildu ziren bertan protesta egin eta Zizurkilentzat saihesbide berria eskatzeko.
Iker Abaigar plataformako kidearen esanetan arriskua dakar Bulandegi bidean izaten den trafiko ugariak: «Bi eskola daude eta umeak atzera eta aurrera ibiltzen dira, egunean errepidea behin baino gehiagotan gurutzatu behar izaten dute. Arriskutsua da haientzat». Zarata eta ibilgailuek eragiten duten kutsadura ere aipatu ditu Abaigarrek, egoerari irtenbide bat emateko beharra agerian uzteko.
Zizurkilgo herrigunea inguratuko lukeen saihesbide bat eraikitzea ez da egun batetik bestera egingo, Agustin Sanchez plataformako kidearen ustetan. Bien bitartean, aterabide bat eskatu du herritarrek bizi duten egoerarentzat. «Pasatzen diren ibilgailuek abiadura handia hartzen dute eta horrekin zerbait egin beharra dagoela pentsatzen dugu». Biala Orain plataforman biltzen direnek badituzte proposamenak trafikoa mantsotzeko: «Abiadura murrizteko gailuak jartzea; herri sarrera eta irteeran biribilguneak egitea; edota semaforoak jartzea. Udalak radar mugikor bat jartzeko asmoa duela ere jakinarazi digu».
Bilerak erakundeekin
Harreman zuzena du plataformak Zizurkilgo Udalarekin eta Abaigar eta Sanchez jakitun dira saihesbidea egiteko eskaerarekin bat datorrela udalbatza osoa. «Udal arduradunek esaten digute aldundiak ez duela lehentasunen artean sartzen errepide berria egitea», aipatu du Sanchezek.
Bi kideek gogoratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoan dagoela oinarrituta euren eskaera: «Bere garaian esan zuten Asteasuko industriagunea handitzen bazen egokitu egingo zirela hara joateko bideak. Poligonoa hazi egin da, baina bideak berdina izaten jarraitzen du».
Atzoko mobilizazioan, plataformari babesa eskaintzen izan zen Pili Legarra Asteasuko alkatea: «Hein handi batean, Asteasuko mugen barruan dagoen industriagunea da egoeraren erantzulea. Geroz eta kamioi gehiago pasatzen da bertatik eta errepidea duela 60 urteko berbera da». Alkatea kontziente da trafiko-kargak Zizurkilgo herrigunera dakarren arazoaz eta esan du saihesbidearen beharra aldarrikatzen eta proiektua gauzatu dezatela eskatzen ari direla 2011n udal gobernuan sartu zirenetik. «Administraziotik lan egin behar dugu eta ez beste aldera begiratu; Asteasutik arduraz begiratzen diogu gaiari», gaineratu du Legarrak.
Zizurkilgo herriak pairatzen ditu hainbeste ibilgailu ibiltzearen ondorioak, «nabarmen». Maite Amenabar herriko alkateak aipatu du herrigunetik milaka kamioi eta kotxe pasatzeak herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duela. «Erdigunera ekarri, eta gai honi, behingoz, seriotasunez heldu behar zaio».
Bere garaian Gipuzkoako Foru Aldundian landu zen saihesbidearen proiektua zaharkituta egon eta berraztertu egin behar dela uste dute alde guztiek. Ondorio horretara iritsi dira aldundia eta udala elkarrekin egindako bileretan. Bide Azpiegituretarako sailarekin azkenekoz bildu ondoren, proiektu proposamen bat jaso zuen udalak uda aurretik. «Proposamen horrek ez dio erantzuten daukagun arazoari. Proposamen horretan oinarrituta, erantzun bat eman nahi diogu aldundiari eta dagoeneko udaleko teknikariak lanean ari dira horretan», gaineratu du Amenabarrek.
Esperantzarako leiho bat zabaldu du alkateak: «Gogotsu eta ilusioz gaude, ikusten dugulako aldundiaren aldetik badagoela jarrera positibo bat. Azkeneko bi bileretatik nahiko gustura atera gara haien jarrera ikusita; sintonia badago. Esperantza daukat eta espero dut bide bat aurkituko dugula». Atzoko elkarretaratzean Zizurkilgo eta Asteasuko alkateekin batera, Amasa-Villabonakoa eta Adunakoa ere izan ziren, eta protesta ekitaldian parte hartu zuen Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak. Euren taldeak gobernu ardurarik eduki ez arren, gaia Batzar Nagusietara eraman, eta Zizurkilgo saihesbidea lehentasunen artean sar dezaten saiatuko direla hitz eman zien Iriartek plataformako kideei.
Mugimendua berpiztu
Udatik hona bizpahiru bilera egin ditu Biala Orain plataformak eta Zizurkilgo Udalarekin ere izan du hartu-emana. «Bizpahiru lagun gabiltza orain taldean, baina gustatuko litzaiguke jende gehiago batzea. Mugimendua aktibatu nahi dugu, eta beti dago ondo jende berria gerturatzea, euren ekarpenak egin eta ideia berriak proposatzeko». Sare sozialak martxan ditu plataformak eta haiekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak. Atzoko mobilizazioan Whatsapp talde batera batzeko gonbidapena luzatu zieten herritarrei, QR kode baten bitartez.
Hemendik aurrera elkarretaratzeak eta kale mozketak astero edo bi astez behin egitea proposatu dute Biala Orain plataformakoek. Ostegunetarako asmoa dute. Hurrengoa Gau Beltza denez atseden hartuko dute, eta azaroaren 7an bilduko dira, 18:30ean, berriro, Joxe Arregi plazan.