Biala Orain plataforma sortu zuten 2019an Zizurkilen jasaten duten zarata, kutsadura eta arrisku egoerekin nazkatuta. Eten baten ostean, uda aurretik erabaki zuten berriro taldea martxan jartzea eta, ordutik, hainbat bilera egin dituzte herritarrek gaiari buruz hitz egiteko. Orain, mobilizazio bat iragarri du plataformak datorren astearterako, urriaren 22rako, 19:00etan, Joxe Arregi plazan.
Elbarrena auzoan, Bulandegi bidean, trafiko ugariak dakarren segurtasun falta salatuko dute elkarretaratze horretan. Horretarako, kamioi batek harrapatuta, Bulandegiko biribilguneko zebrabidean, zortzi urteko ume baten balizko heriotza irudikatu nahi izan dute. «Oraindik ez da gertatu, baina ez bagara mugitzen, azkenean lagun bat, familiakoren bat edo zu izan zaitezke eskela horretan agertzen dena», esan dute plataformako kideek.
Egunero, 13.000 ibilgailu inguru pasatzen dira GI-3610 errepidetik eta Biala Orain plataformak trafikoak dakartzan arazoak ekiditeko saihesbide bat eraikitzea eskatzen du. Zizurkilgo Udalak ere egina du eskaera Gipuzkoako Foru Aldundian.
Biala Orain plataformak astearteko kontzentrazioa iragartzeko herrian zabaldu duen kartela.