Jendetza izan da Zizurkilgo Azoka Berezian

Leyre Carrasco 2024ko urriaren 13a

Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua postuz bete da, eta txikienek pottoken gainean ibiltzeko aukera izan dute San Millango belazean.

Hogeita seigarren aldiz ospatu dute Zizurkilgo Azoka Berezia. Ohi bezala, Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua poztuz bete da. Hain zuzen, baserrietako produktu freskoak eta artisautza postuak izan dira; denera 47 postueta horietako zortzi zizurkildarrak izan dira. Eguraldia lagun izan dute goiz guztian zehar eta jendetza bildu da Herrigunean.

Iaz bezala, aurten ere txikienek pottoka gainean ibiltzeko aukera izan dute San Millango belazean. Aurten, ordea, berrikuntza bat izan da, eta Trapagarandik etorritako harri zulatzaileen erakustaldia egin dute frontoi txikian, Iriarte parean. Hori ikustera bertaratu diren herritarrek ofizio hau praktikatzeko aukera izan dute.

Urtero bezala, Azoka Bereziak elkartasun kutsua izango du eta El Salvadorren aldeko talo postua jarri dute zenbait herritarrek. Bestetik, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eta Mendigai eskolek ere euren postua jarri dute, El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrialeko ikastetxeentzat dirua biltzeko.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!